"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gaur egungo krisiaren eraginez finantzatzeko zailtasunak areagotu egin direla dakiguna da. Alegia, gero eta zailagoa dela film bat ekoiztea. Bestalde, filmatzeko grinak, han eta hemen, betikoak dira, azken teknologiek emandako erraztasunengatik gehiagotu ez badira behintzat. Mugikorrek kamera dute eta edonork filma dezake, erraz gainera. Pantaila handirako ekoizpenak, ordea, oso garesti daude.Horregatik, zinemagileek formula berriak asmatu behar izan dituzte, ekoizteko modu berriak sortu.
Bada Hanna Sköld (Nasty Old People, 2009) suediarraren eskutik datorkigun zinta bitxi eta ausart honek modan dagoen crowdfounding deituriko bidea erabili du egitasmoa aurrera atera ahal izateko. Hain juxtu, amaierako kredituak ikusita, erehala jabetuko gara ia mila lagun anonimoek parte hartu dutela finantzaketan.
Oso osagarri gutxi behar dituen istorio aske bat kontatzen du: berez, bi pertsonaia besterik ez film osoan zehar, hau da gizartetik urrun, estu eta isolatuta bizi diren aita-alaba.
Aitak Eini kanpoko arriskuetatik babestu nahi du eta ez dio etxetik urruntzen utziko. Neskak alde egin nahi duela susmatzen hasten denean, sexualitatea eta heldutasuna arriskutsuak direla ustearaziko dio aitak. Oso harreman hotza dute, zakarra eta batzuetan bortitza ere.
Irudi errealak animaziozkoekin nahasten dituen drama triste eta itogarri samarra da, surrealismo kutsu batez apaindua batik bat Einiren irudimenetik sortutako eszena animatuak erakusterakoan. Begirada goibeleko neskak, amonaren bizitza ipuin baten modura kontatuko digu, animaziozko panpinen bitartez.
ANE MUÑOZ