"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak Krzysztof Kieślowski zinegile poloniarrari eskainitako Nosferatu bildumako bi liburu aurkeztu zituzten Zinemaldiaren eremuan. Lehendabiziko liburua, ‘La doble vida de Krzysztof Kieślowski’, Joanna Bardzińskak koordinatua, hamabi lagunen artean idatzi dute; horietatik bost espainiarrak dira eta zazpi poloniarrak. Halaber, liburuan Agnieszka Holland zinegilearen hitzaurrea eta Kieślowski beraren testuak aurkituko ditugu. Bigarrena, berriz, ‘Krzysztof Kieślowski. Halabeharra, etika eta bigarren aukera’ izenburua darama, Iñaki Lazkanok jatorriz euskaraz idatzi duena.
Aurkezpen prentsaurrekora partehartzaile andana agertu zen: Donostia Kulturako zine unitateko arduradun Josemi Beltrán, Poloniako Kultura Institutuko zuzendari Dorota Barys, liburuaren koordinatzaile Joanna Bardzińska, Tadeusz Lubelski zine aditu poloniarra, Iñaki Lazkano euskarazko liburuaren egilea eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernadez, zeinak bere hasierako hitzekin ekitaldiaren muina laburbildu baitzuen: “Okendo kultur etxean jada ikus daitekeen erakusketarekin batera, zikloak eta liburuek Kieślowskiren ibilbidea omendu eta aitortzen dute. Izan ere, zinemagile poloniarra hiriko kultur protagonista bihurtuko baita, bere heriotzaren 20. urteurrena betetzen delako eta datorren urtean Donostiak kultura poloniarrari arreta berezi eskainiko diolako, Wrocław hiriarekin Donostiak Europako hiriburutza partekatuko baitu”.
Ikus-entzunezko komunikazioan doktore den Iñaki Lazkanoren aburuz, “Kieślowski XX. mendeko azken hamarraldiko zinegile esanguratsuenetakoa da eta gure artean aski ezaguna izan arren, haren poloniar sasoiko dokumentalgintza, kritika sozialean eta ideologikoan sakontzen duena, apenas izan du zabalkunderik”. Lazkanok, halaber, haren azken urteetako lanen ezkortasunetik itxaropenerako aldaketa aldarrikatu nahi izan du.
S.B