"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jose Mari Goenaga eta María Elorza zinegileak bistaz ezagutzen ziren, G a l i z i a k o Xuntan ikus-entzunezkoan koordinatzaile den Dolores Meijomín ordea ez zuten ezagutzen. Aurtengo Irizar Saria beraien esku dago. Zazpi film ikusi behar dituzte eta akordio batera iritsi. Erronka ez da nolanahikoa, aurten eskaintza oso eklektikoa dute esku artean: dokumentalak, fikzioa eta animazioa, hainbat hizkuntza ezberdinetan eta zerrenda horretatik Amama sail Ofizialean dagoen Altunaren filma, Pikadero Zuzendari Berrietako Sharrocken fikzioa eta Psiconautas Vázquez eta Riveroren animazioa Zabaltegin, ondorioz, beste sari batzuetan hautagai ere badira. Beste lau filmak Un otoño sin Berlín fikzioa eta Gure sor lekuaren bila, Jai Alai Blues eta Walls dokumentalak dira.
Jose Mari da epaimahai lanetan aurretik aritu den bakarra. Dolores ez da zinegilea eta honek ikuspuntu xumeagoa gehitu diezaioke hirukoteari, oreka bat, eta Mariaren ustetan nahiz eta hasieran ez diren akaso bat etorriko, hiru pertsona elkarrizketarako irekiak dira eta amaieran ez dituzte oso iritzi ezberdinak izango.
Ikuslegoarekin ikusten dituzte filmak, honek dakarren ondorio guztiekin, hauen erreakzioa ikusten baitute, baina hala ere nahiago dute horrela. “Solasaldietara ez gara geratzen gure iritzia egileen eta ikuslearen hitzekin ez kutsatzeko”, dio Mariak. Irteeran zertxobait hitz egiten dute, baina analisi sakona aurrerago egingo dute. “Hala ere nire ustetan sari batek gehiago hitz egiten du epaimahaiari buruz, filmari buruz baino, batek daki beste epaimahai batek zeini emango liokeen saria!” kontatzen du Jose Marik. “Nik akaso, euskalduna ez naizenez, beste begirada bat eman diezaioket epaimahaiari. Oso film euskaldunak ikusten ditut eta ez bakarrik paisaiagatik, estetika edota pertsonaietan ere antzematen dut hori. Orain arte ikusitako filmetan hori nabaritu dut”, Doloresen hitzak dira eta hauen bitartez euskal zinemagintza gaian murgiltzen gara.
“Guri ere hori esaten digute, film euskaldunak egiten ditugula, eta ez dugu kontzienteki egiten. Argia, klima, pertsonaiak garatzeko orduan akaso konturatu gabe faktore komunak ditugu. Guk ere batzuetan film bat ikusi eta zein frantsesa den komentatu dezakegu. Barnean daramagun zerbait izan daiteke, hemengoak gara eta horrek eragiten digu”, azaltzen du Jose Marik. Baina Maria ez dator bat: “Generazio baten aztarna ere bada. Ni beste belaunaldi batekoa naiz eta Jose Marik eta beste askok egiten dituzten gauzak oso gustuko ditudan arren, ez naiz erabat identifikatzen. Nire belaunaldiko jende askok egiten duen lanak ere, nirearen antza izan lezake, beraz, ez dut uste soilik lurraldearekin zerikusia duen zerbait denik, nik uste belaunaldi bereko zinegile izateak ere baduela bere eragina”.
Euskal zineaz aritzeaz gain, filmak euskaraz ikusteari buruz jardun nahi izan du Doloresek: “Nahiz eta ulertu ez, izugarri gustatzen zait. Hizkuntza oso atsegina da, doinu polita eta goxoa dauka, zinerako niretzat oso hizkuntza aproposa da. Gaur egun gainera elebitasuna
oso natural bizi duzue hemen. Beraz, zergatik ez islatu hori zineman? Gaur egun gainera, zein hizkuntzatan filmatzen den ez dut uste berebiziko garrantzia duenik, begira bestela Loreak filmaren ibilbidea”.
NORA ASKARGORTA