"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Japoniako minimalismoaren tradizioaren barruan, Nami Iguchi zuzendariak arnas pausatua aukeratu du irakasle-ikasle arteko harremanaren gai ezaguna lantzen duen film honetan. Pausatua baita Mirume ikasle gaztea eta Yuri litografia irakaslearen arteko harremanaren jaiotza bera; pausatua, haien inguruan garatzen den istorioa; pausatua, harreman arriskutsuak bere inguruan sortzen duen eragina. Pausatua baita narrazioa ere, eta erritmoa eta giroa ere bai.
Pausa aukeratu du zuzendariak une orotan; pausa, baita tentsioa sor lezaketen egoeren aurrean ere. Esaterako, ikasle gaztea amorantearen etxera iritsi eta gizon heldua aurkitzen duenean lasai asko, tea hartzeko gonbidatuz. “Ez nekien zure aitarekin bizi zinela” galdetzen dio Mirumek, irakaslearekin bakarrik geratzen den une batean. “Inokuma jauna? Nire senarra da”.
Ondo aukeratutako giroa erabiltzen du horretarako zinemagileak. Herri txiki bat, non ez den inoiz ezer gertatzen. Eskola xume bat, non bigarren mailako pertsonaiek ia ez duten protagonismorik. Litografia ikasketak, non mundua, bizitza, poliki poliki doan. Hain poliki, ezen batzuetan dena geratu egiten dela ematen baitu. Dena, baita filma ere.
ALBERTO BARANDIARAN