"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jai Alai kirolaren historia sinestezina, mundu horretan aritutako pertsona ospetsuenen bitartez, hauxe da Jai Alai Blues dokumentalaren premisa. Baina hori baino gehiago da, Euskal Herritik hasi eta Txina, Kuba, Mexiko, Filipinak, Egipto, eta Estatu Batuetara hurbilduko gara Gorka Bilbao zuzendariaren eskutik. Euskal Herriko bazter ezberdinetan jaio zen kirol herrikoi baten hasiera xumeak, munduan zehar lehen mailako kirola izatera iritsi arte.
Ez da pilota zale izan behar dokumental honetaz gozatzeko, istorioa oso interesgarriak kontatzen dizkigu, pertsonaia oso bitxiak aurkeztu eta espero ez ditugun makina bat irudi erakutsi izugarrizko erritmoan. “Ideia ez zen pilota jokoaz soilik hitz egitea, zerbait askoz zabalagoa kontatzea baizik. Hiru urtetako filmaketa izan da, jende ugari ezagutu dugu eta batetik bestera ibili gara testigantza eta irudiak jasotzen”, dio Gorkak.
Filma hau egiteko bildu duten materiala ere ez da nolanahikoa. Hainbat tokitako telebista eta filmotekekin jarri ziren harremanetan, baina irudi gehienak protagonisten bitartez bildu dituzte. Gezurra badirudi ere, frontoietako kutxatan ere aurkitu zuten materiala, “Daniako frontoian adibidez, eta eskerrak, orain obratan dago eta guk bildu izan ez bagenu, seguruenik orain galduta izango zen”, dio Zigor Etxebarria, argazki zuzendariak.
Enpresariek betidanik erabili izan dituzte apustuak, kirola mundu mailan zabaltzeko eta Jai Alaiek hori zuen. EEBBetan adibidez NBA bailitzan ahalegindu ziren kirol hau zabaltzen. Pilotari hauek izarrak izatera iritsi ziren, frontoi industrial haietan jende ospetsuarentzako harmailak zeuden eta errekuperatutako irudi askotan kirolari hauek Paul Newman, John Travolta, Hemingway, Esther Williams edota Jonh Waynekin ageri dira.
“Gaur egungo egoera ezberdina da, baina kirol hain ikusgarria izanik eta lortutakoak lortuta, etorkizunean bultzada bat jasoz gero, garai haiek errekuperatzeko aukera ere ikusten dugu”, diote zuzendari bizkaitarrek.
N.A.