"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hainbat dokumental eta film labur egin eta gero, Valéry Rosierrek (Ixelles, Belgika, 37 urte) aurkeztu zuen atzo Zuzendari Berriak sailean Parasol bere lehen fikziozko film luzea.
Mediterraneoko irla batean kokatuta, hiru pertsonaiaren ibilbideak kontatzen ditu: bata, gurasoekin oporretan joan den gazte ingelesa da; bigarrena, bertan lan egiten duen aita banatu bat; eta hirugarrena, amodiozko istorio baten bila Joan den amama bat. Hiru istorio horiek paraleloak dira, nahiz eta tarteka pertsonaiak gurutzatzen diren. “Bakartasun istorioak dira -azaldu du egileak-. Bakartasunaren gaia interesatzen zait oso; izan ere, nire lan guztietan jorratu dut gai hori. Bakartia naizenaren seinale izango da”.
Bakartasunaz hitz egiteko, zuzendari belgiarrak turismoa erabili du. “Batzuetan barre egin dut turismoarekin, alde batetik urista erridikulu samarra iruditzen zaidalako. Baina gero konturatu naiz batzuetan niri ere gustatzen zaidala turistarena egitea eta horrek sentimendu kontrajarriak sortarazten dizkit”.
Rosierren ustez, turista “falta zaion zerbait baten bila joaten da. Hutsune bat betetzeko beharra sentitzen duelako egiten du turismo. Zentzu horretan, turismoa bizitzaren metafora da. Hiru pertsonaia hauek gauzak aldarazi nahi dituzte, edozein preziotan ere. Inoiz ezagutu ez duten zerbaiten nostalgia sentitzen dute”.
Filmak oso aurrekontu txikia izan du, horrela askatasun gehiago izango zuelakoan. “Mallorcara joan ginen hiru teknikari eta laurok. Bertan gin nuen casting-a eta aktore ez profesionalak kontratatu nituen. Horrekin errealitatearen eta ikzioaren nahastea lortu nahi nuen. Hoteletan eta hondartzaren pasealekuan filmatu genuen, talde txiki horrekin baino ez”. Belgikan filmaren erdia muntatuta zeukatela, Mallorcara bueltatu ziren pelikula bukatzeko. “Akats batzuk egin nituen, baina hori ona da, horrela ikasten baita”.
Herenegun heldu zen Donostiara, filma amaitu berri-berria zegoela. “Oraindik ez daukat lanarekin beharrezko distantzia baloratzeko, baina nahiko konforme nago emaitzarekin”, esan du.
Rosier pozarren dago mundu mailako estreinaldia Zinemaldian izan delako. “Euskal Herriarekin lotura sentimental eta berezia daukat. Batez ere ezagutzen dut Frantziako aldea, baina betidanik nire ametsa izan da erretiroa hartzen dudanean bertara etortzea bizitzera”.
K.A.