"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Dexente izan dira orain arte zinemaren bitartez Auschwitzeko kontzentrazio-esparru beldurgarri hartara egin ditugun bidaiak. Horregatik, sinopsia irakurrita, II. Mundu Gerrako atal tragiko hura enegarren aldiz gogoratu izanak alferkeria eragin dezake. Bestalde, László Nemes hungariaren lehen film luzea ezberdina da, oso oso ezberdina. Ezohiko Auschwitz bat erakusten du, aurretik kontatu ez diguten istorio bat oso modu ezberdinean filmatua.
Saul kontzentrazio-esparruan preso dagoen gazte judu hungariarra da. Bere herritarren gorpuak jaso eta errausketa-labeetan erretzera zigortua, ustekabean semea irudituko zaion ume koskor baten gorpua topatuko du eta izkutatu egingo du, merezitako ehortzea izan dezan.
Eskuzko kameraz hartutako irudi itogarri amaigabe batzuen bitartez, haren kokote eta bizkarra gertu-gertutik jarraituko baititu ia film osoan zehar, Saulen estutasun eta itoaldia sentiaraziko digu. Aldi berean, haren inguruan gertatuz doazen izugarrikeriarik latzenak fokoz kanpo erakusten ditu, hain errealista izanagatik beldurra eragiten duen soinua nabarmenduz.
Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Fipresci Saria jaso zituen, eta Donostian, Publikoaren Sarirako film hautagaien artean berezietakoa da, zalantzarik gabe.
A.M.