"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Peter Grönlund suediar zuzendari gaztea da, Tjuheder/ Drifters lana du lehen film luzea eta harro asko adierazi digu bere filmaren aurkezpena mundu mailako estreinaldia dela, “uda honetan eman ditugu azken zertzeladak eta labetik atera berria da. Ezta Suedian ere ez dute pelikula ikusi”.
Stockholm Film Schoolen bi urtez ikasi zuen zinemagintza, eta hiru film labur zuzendu zituen bertan. “Sasoi hartan neure burua artistikoki adierazteko modu bila nenbilen. Hala, gidoiak idazten hasi nintzen, hain zuzen ere, nire benetako lehen laburrarena, The Clearing”. Eta nolabait esan daiteke, hura izan zela lehen luze honen aurrekaria.
Drifters gizarte-drama moderno bat da, emakume batek gizarte-maila baxuenetan aurrera ateratzeko egin behar duen borrokari buruzkoa. Grönlundekaski ondo ezagutzen du Stockholmeko azpimundua, hainbat urtez ‘Situation Stockholm’ egunkari sozialean egin baitu lan: “Egunkari hartan lan eginez gizarteko talde marjinalak bertatik bertara ezagutu nituen, haien bizimodua, beraien arau eta kodeak edota janzteko era. Hori dela eta, gizartetik baztertuta bizi direnen mundua erakustea otu zitzaidan, eta nola hobe film bat eginez baino”.
Malin Levanon eta Lo Kauppi aktore nagusiak izan ezik filmean agertzen diren pertsonaien %90 kaleko jendea dira; etxegabeak, karabana kanpinetan bizi direnak, preso ohiak, drogazaleak... “Egia esateko –aitortzen du Peterrek–, egunkari sozial hartan lan egin izan ez banu, ezingo nukeen halako filmarik egin. Oso mundu itxia, mesfidatia da ohizko gizartetik kanpo bizi direnena. Eskerrak aurrez ezagutzen nindutela. Gainera, gidoiko elkarrizketak haiek darabilten argotean idatzi nituen. Beraz, euren paperak irakurtzean pertsonaiak ez zitzaizkien arrotzak iruditu”.
Zuzendariak argitu digunez, “jendeak ezin du sinetsi Stockholmen kanpoaldean roulottetan bizi den gizarte paralelo bat dagoenik, baina hala da. Antolaketa propioa dute, euren liderrak dituzte, baita izikidetza betebeharrak ere, ohiko gizarte batean bezala”. “Alde batetik –gaineratzen du suediar errealizadore gazteak–, gizarte drama bat da jende honen egoera, eta aldi berean, euren bizitza- aukera. Karabana gune hauetan bizitzea hautatzean gizartetik aldentzen dira, gizarte diru-laguntzetatik, hauek jasotzeko betekizunak bete nahi ez dituztelako. Gizarteari ‘zoazte pikutara!’ esango baliote bezala”.
Finean, protagonistak eta hauen ingurunea gertutik, lehen plano ugarirekin eta enkoadraketa inprobisatuz filmaturiko gizarte drama goibela da Gröndlunden lehen lan luzea.
S.B.