"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iaz emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Zinemaldian, Bille August-en Stille hjerte (Bihotz isila) filmean egindako lanari esker. Donostiara bosgarrenez itzuli den Paprika Steen Eskandinaviako aktore garrantzitsuenetako bat da. Komedia zein drama menderatzen ditu eta imajina litekeen pertsonaia oro hezurmamitzeko gai da. Aurten, ordea, Epaimahai Ofizialeko presidente izatea egokitu zaio eta poz-pozik hartu du bere egitekoa.
“Aurreko alditan ez bezala, zinema-aretoen iluntasunetik hoteleko gelako iluntasunera nabil, kanpoan eguraldi zoragarria egin arren. Nori ordaindu behar zaio hondartzara joan ahal izateko… Nahiz eta akaso ura nahiko hotza egongo da, ezta?”, erdi txantxetan ari da. “Orain serio, ez dut horretarako astirik, 17 film ikusi behar ditut sei egunetan. Hondartza gelako leihotik ikusi beharko dut, zer erremedio”, gaineratu du ironiari eutsi ezinik. Oso alai eta esna ageri da Paprika, izan ere, elkarrizketagelara sartu aurretik “another coffee, please” eskatzen aitu baitiogu.
Kontent da, halaber, bere epaimahaikiderekin: “Bata argentinarra, bi italiar, frantses bat, espainiar bat, dama pinpirin indiar bat eta ni neu. A zer nahasketa! Oso diferenteak gara denak eta hizkuntza-mugak ere zenbait oztopo sortzen dizkigu. Uste dut batzuetan ez diogula elkarrik erabat ulertzen, elkarri zirika gabiltza denbora guztian eta barre asko egiten dugu. Umore zentzua izatea oso inportantea da eta uste dut primeran eramango garela. Oraingoz sei film besterik ez ditugu ikusi, hortaz, oraindik ez dugu eztabaida handirik izan, baina nahiko ados gaude gauza gehienetan”.
“Epaitu beharreko lanak ez ditut aktorearen ikuspuntutik aztertzen, film bat ikusten dudanean gustatzen zaizkidan eta gustatzen ez zaizkidan gauzak aditzen ditut. Antzezpenak onak ala txarrak diren antzemateko nahikoa ditut bost segundu, baina kasu honetan beste gauza askori errepararatu behar zaie”, azaldu du daniarrak.
1990eko hamarkadan, Dogma mugimenduko kide gailenetako bat izan zen, eta mugimenduko lehen hiru filmetan protagonistaren rola jokatu zuen: Thomas Vinterberg-en Festen (Ospakizuna), Lars Von Trier-en Idioterne (Ergelak) eta Søren Kragh-Jacobsen-en Mifune. “Dogma mugimendua nire zinema-eskola izan zen. Berandu hasi nintzen zinema munduan, 31-32 urterekin, eta bertan ikasi nuen, esaterako, kamerak aktorea jarraitzen duela eta ez aktoreak kamera. Eta gaur egun ere, irakaspen haiei jarraitzen diet. Oso ondo pasatu genuen garai haietan eta etsipenez gogoratzen dut sasoi zoro hura. Harrez gero, Susanne Bier-ekin pare bat filmetan jardun dut baina sekula ez gehiago gainerako lagunekin”, esan digu Paprikak.
Zuzendari gisa, 2004. urtean egin zuen bere lehen filma: Lad de små børn... drama, alaba hil zaien bikote gazte baten trauma emozionalari buruzkoa. Eta egun, zuzenduko duen hurrengo filmaren gidoiaren idazketan parte hartzen ari da, hain zuzen ere, Tove Ditlevsen daniar olerkariari buruzkoa, “baina oraingoan, zuzentzeaz aparte antzeztu egingo dut”.
Danimarkatik kanpo, Paul Thomas Anderson, Terrence Malick edo wPedro Almodóvar bezalako zinegileen zuzendaritzapean jardutea gustatuko litzaioke: “Bitxia iruditzen zait egile hauen unibertsoa. Filmatzen dauden bitartean dena oso lotuta eta neurtuta dagoela dirudi eta gero emaitza ikusten duzunean, anabasa eta kaosa dira nagusi”.
Eta bukatzeko, Paprika. Nolatan bataiatu zintuzten Paprika? “Ama amerikanoa dut, ez da oso altua eta ile beltzarana du. Itxura hispanoa du. Aita, aldiz, altua eta ilehoria. Ama haurdun zegoenean elkarri begiratu eta erabaki zuten bien mixturan alaba ile-gorri jaioko balitz Paprika (piperrautsa euskaraz) izena jarriko ziotela. Orduan ni jaio nintzen , ile-gorri. Hori bai, denborarekin ilea hori bihurtu zitzaidan. Eta orain Danimarkan Paprika izeneko neska asko dago”, atzera erakutsi digu Paprikak bere alderdi umoristikoa.
SERGIO BASURKO