"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Joan den mende hasierako Eskozian girotutako film epopeikoarekin itzuli da Donostiara Terence Davies Liverpoolgo zinemagilea. Gogora dezagun 2008an Zinemaldiak atzera begirako bat egin zuela haren omenez, Distant Voices, Still Lives,The Long Day Closes, The House of Mirt edo Of Time and the City bezalako filmekin, eta gerora ere, sail ofizialean lehiatu da The Deep Blue Sea lan fin askoarekin.
Lewis Grassic Gibbonek 1932an idatzitako nobela klasikoan oinarrituta, filmak XX.mende hasierako Eskoziako landa-guneko komunitate batera eramaten gaitu. Neska gazte bat, Chris, helduaroan sartzen ari da Ewan aztoragarriaren ondoan maitasuna bilatu nahian, bere familiak tragediari aurre egin behar dion bitartean. Gizarte-asaldura eta ezinegon garaia da, eta halako batean, Lehen Mundu Gerra iritsiko da.
“Ni ez naiz zinemagile politikoa, ni egile emozionala naiz”, esan du Davisek prentsaurrekoan bere filmaren oinarri politikoaz galdetu zaionean. “Film hasieran aitaren jatorri sozialista aipatzen denekoa anekdota hutsa da. Pertsonaiak lurrari nola lotuta dauden eta hauek gertakarien poderioz nola aldatzen diren kontatzea interesatzen zait, ez besterik”, azpimarratu du.
Davisen lanetan kontakizunaren tempoak garrantzi handia izan ohi du eta Sunset Song honetan erabiltzen duen erritmo barea filmeko indarguneetako bat da, Eskoziako paisaiak kontakizunean modu ikusgarrian txertatzeko abileziarekin batera. Denboraren iragateari buruzko lana da, bizimodu arrunta eta historiak derrigorrez inposatzen dituen aldaketak uztartzen asmatzen duena: aita aginduzaleegia duen familia bateko alabak helduaroan sartzean hartzen dituen erabakiek osatzen dute pelikularen muina. Zentzu horretan, Agyness Deyn emakumezko protagonistak jokatutako rola behin eta berriz goraipatu du zuzendariak: “Aktore bihurtu aurretik lanbidez modelo izan arren, bikaina da Agynessen antzezpena. Ezin hobeki irudikatu baitu autonomia pertsonala lortzen duen emakume baten prozesua. Nire filmeko heroia emakumezkoa da, Agynessen pertsonaia heroisa bat da”.
Iritzi berekoa da Kevin Guthrie aktorea: “Kamerak ez du gezurrik esaten, filmaketan gertatzen den guztia atzematen du, eta hanka sartuz gero, ikuslea konturatu egiten da. Agynessen antzezpena txapela kentzeko modukoa izan da, bere bizkar gainean datza istorioaren zama, eta hori, gehiegikeriarik gabe, sentimentalkeriatan erori gabe lortu du”.
Meritua sarritan aktoreena dela onartu du Davisek: “Eszena batekin nondik nora jo ez dakidanean, aktoreei berezkoak, espontaneoak izateko eskatzen diet. Eta normalean, horrekin bakarrik, gauzak bideratu eta istorioa bere onera itzultzen da”.
S.B.