"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Behin batean, iragan urbilean, Kong is King izeneko elkartea existitu zen. Sarea zuen erresuma eta aurten gurean omentzen dugun gorila zeluloidezkoa patroi, errege, done eta jaun bakarra. 2008an desagertu zen baina hor, interneten diraute aztarnek.
Maite zuten kide horiek horren Ederra izan zen Piztia. Maite, mirestu, gur egiten zuten. Auskalo noruntz, ziurrenik hondamendiruntz jo zutenean, Peter Jackson egitekoa zen bere bertsioa. Eta berariek, armarrian Kong is King esaldia zuten horiek espero bizian ziren. Maite, mirestu, gur egiten bait zuten Ederra izan zen Piztia.
Amodiozko aldarrikapen oro daude eginak Pizti ederraren eta bere Patua kontatzen duen filmaren inguruan. Askok ta askok gainditu izan dituzte Cooperrek eta Schoedsackek sortutakoa baina berdin dio, gure amets eta ametstxakurretan aise eta libre dabiltzan monstruak ez lirateke existituko Kong gabe.
Horratio, belanauldiak desagertu arren eta ahala, Kong is King. Gauza bera esan dezakegu semeaz. 70 minutu baino gehiagorik ez dirauen Son of Kong txikitxoa da arras. Iñozoa. Oso. Edade gutxiko Tximino Handi Zuria hainbeste. Baina ez du inportik. Gure oraingoan, gure orainatik azken eszena ikusten dugunoro Moby Dick eta Achab datozkigu burura. Dugunoro, Bale Zuria eta marfilezko hankadun Kapitaina. Kong gabe zineman ez baitlitzateke (agian) Leviatan existituko. Horratio, Kong is King. Sekulan santan eta betikotz.
Dena dago esanda hain Ederra izan zen Piztiaz. Esanda. Idatzia. Egin dugu amets. Egin dugu amesgaizto. Egin dugu gur. Gaurkotu dugu Piztia. Gaurkotu dugu Ederra. Zorionez. Zorigaiztoz. Baina beti iraun du Errege, maitasunak jota Zineman hil diren monstruo guztien Enperadore. Horratio, Kong is King.
Are gehiago esan genezake atrebentzia osoz: Kong is King bera gabe ez baitlirateke existituko ez Cornelius ez Zira, 1968ko Planet of Apes filmaren izaki miresgarriak.
Hasierako errege fin hura barik, Caesar bera ez litzateke lehengoa agertuko 2014ko Amanecer en el planeta de los simioseko errepartuan, giza seme alaba guztiei aurrera hartuz. Caesar aro berri bateko buruzagia da Erregea existitu zelako. Horratio diot berriro, Kong is King.
Bide batez, Zineman zein Planetan garai ezberdina aldarrikatu zuten 1933 eta 34ko pelikuletan ba izan zen emakume gidoigilea, Ruth Rose. Eta lehengoan, zortzi neska stunt. Kreditu tituluetan agertzen ez diren horietako baten izenik eta grazia? Pauline Wagner Empire Stateko ertzean agertzen omen zaigun Fay Wray da. Ohore guztiei, Kong is…Queen.
BEGOÑA DEL TESO