"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Duela bi urte Enemy (2013) eta Prisoners (2013) arrakastatsuak berton estreinatu ondoren, Denis Villeneuve kanadiarra bere azken lanarekin itzuli da Donostiara. Baliabide askorekin egindako akziozko polizia-drama ezeroso bezain ikusgarria ekarri du, oraingoan.
FBIko agente gazte bat, Kate, Ciudad Juárez ingurura bidaliko dute, hau da Mexiko eta AEBen arteko mugara, bere bizitzako misiorik zailenean parte har dezan. Helburua inguru hartan boteretsu dabilen narkotrafiko sare bat desagertaraztea da. Katek, berez bahiketetan aditua, badaki esperientzia zail eta arriskutsua izango dela. Bestalde, are zailagoa izango zaio operazioaren buru diren bi tipo zakarren jokabide basati eta gupidagabea jasan beharra. Berehala jabetuko da eta horien moduak ez direla nolanahikoak.
Emily Bluntek (Your Sister´s Sister, Lynn Shelton, 2012), Josh Brolinek (No Country For Old Men, Joel eta Ethan Coen, 2007) eta honez gero etxekotzat dugun Benicio del Torok, Soderberghen Traffic (2000) arrakastatsuan egindako antzeko rolean, hirukote erakargarria osatzen dute. Hirurak daude ondo, eta nagusiki Del Toro, ederkien egokitzen zaion rola betetzen baitu, berriro. Hitz gutxikoa, hotz eta zorrotza, enigmatikoa. Oraingoan ere, haren begirada erdi beldurgarri erdi seduzitzaile hori ez dugu, ez, erraz ahanztuko.
Izaera komertzialeko film efektista samarra izanda ere, Sicario- k badu halako nortasun berezi bat eszenaratzean, bat bateko ezusteko bortitz ugarietan, eta batik bat, eragiten duen tentsio ezeroso horretan datzana. Izan ere, Villeneuvek trebeziaz adierazten dakien tentsioa presente baitago ia film osoan zehar. Oi, ikusentzulearen bihotzak estutuko dituen tentsioa beldurgarria.
Hartara, nabarmentzekoa da Johan Johansson musikariak aipatutako tentsio hori ezin hobe azpimarratzen duen soinu banda. Ez da Johanssonek Villeneuverekin elkarlanean egindako lehen lana, bera izan zen eta Prisonersen musikaren arduraduna.
Argazkiaz berriz, Prisonersetik beretik kanpo Coen anaiekin eta Sam Mendesekin maiz lan egindako Roger Deakins kameragizon ospetsua arduratu da. Miresgarriak dira, adibidez, zerutik hartutako hainbat irudi, eta bereziki nabarmengarria itzalekin eta iluntasunarekin jokoan erakusten duen argiztatzea.
Bortizkeria, odola, torturak ikusiko dira, baina ez dira sekula izango egunero hedabideetan ikusten ditugun irudi asko baino bortitzagoak. Alde horretatik beraz, lasai.
A.M.