"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Karlovy Varyko zinema jaialdi ospetsuan aipamen berezia jaso izanak asko lagunduko dio, ziur, Anca Damian (Crulic, The Path Beyond, 2011) zinemagile poloniarrak animaziozko trilogia baten bigarren zati bezala aurkeztu duen zinta bitxi honen promozioari. Eta eskertzekoa dugu honantz ekarri izana, izatez eredu komertzialetatik erabat at egonik ez baita erraza izaten halakoak ikusteko aukera.
“Heroien Trilogiaren” lehen atalak Claudiu Crulic gazte errumaniarra lapurreta batez akusatuta kartzelaratu eta berton gose greba baten ondorioz hil egingo zenaren bizitza berreraikitzen bazuen, bigarren honek, Muntele Magic-ek, Adam Jacek Winkerren bizitza dakar gogora, eta hari eskainia dago, gainera.
Jacek Winker argazkilari eta mendizale amorratua izan zen. Antikomunista poloniarra, Parisen errefuxiatua, eta mundua eraldatzeko ametsarekin hara eta hona ibili izan zen, askatasun bila beti. 80ko hamarkadan, Afganistango gerran, sobietarren aurka borrokatu zuen. Garai hura da, hain zuzen, filmak bereziki berreraikitzen duena.
Off-ezko ahotsaren bitartez, Winkerren eta haren alaba Aniaren arteko elkarrizketa samurra jarraituko dugu, irudi ezin bereziagoez gozatzen dugun bitartean.
Hain juxtu animatzeko teknika ezberdinak erabiltzen ditu Damianek. Irudi batzuk oso landuak daude, eta besteak berriz, sinple eta naïf samarrak dira, soilak. Lehen planoan agertzen diren panpinen atzean kollage modura jositako irudiak erabiltzen ditu, oso animazio ezberdin eta berezia lortuz. Omendutako abenturazalearen eta haren ingurukoen argazki eta marrazkiak biltzen ditu, garaiko egunkarietako zatiak, eta zirriborro ugari.
Elkarrekoizpen errumaniar, poloniar eta frantziar honetan irudi sinbolikoak ugari dira, eta tarteka, zinemazaleei zuzendutako keinuren bat. Adibidez, Einsensteinen Potemkin-eko eskilara amaigabe haietatik umetxoa erortzen deneko eszena.
A.M.