"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hou Hsiao-Hsien, taiwandar zinemagintza berriaren ordezkari esanguratsuetakoa, aspaldiko laguna dugu Zinemaldian. Duela hogei urte atzerabegirakoa eskaini zitzaionez geroztik sortu dituen film garrantzitsuenak ikusi ahal izan ditugu berton, Three Times (2005) eta Le Voyage du ballon rouge (2007) arrakastatsuak, tartean. Aurtengoan berriz, Cannesen Zuzendari Onenaren Saria jasotzeko balio izan zaion bere azken filma ekarri du Donostiara.
Borroka ikusgarri batzuetatik kanpo akzio gutxiko drama mantsoa, hasieratik gogoz hartuz gero oso gozagarria gerta dakigukena, IX. Mendean girotua dago, hain zuzen dinastia zaharren arteko botere- atazkak puri purian zeudeneko garai urrun batean. Oraingoan, Tang dinastiaren gainbeheraz ariko zaizkigu.
Dagoeneko film askotxo ezagutu dugu antzeko paisaia eta kokalekuetan, antzeko estetikarekin eta antzeko istorioa kontatzen dutenak; jantzi eta dekoratu ikusgarriez apaindutakoak, estetika zaindu eta dotoreaz filmatutakoak.
Hsiao- sienen lanak, beraz, ez digu mundu berri bat aurkeztuko, ez giro berri bat. Ez digu emango honez gero ezagutzen ez dugun ezer. Bestalde, zuzendari taiwandarrak Three Times ederrean bere aginduetara izan zituen Shu Qi eta Chang Chen aktoreak berriro bildu dituen honetan, istorioa sentitu, usaindu eta arnastera gonbidatzen gaitu, batzuetan nahaskorra gertatzen den istorioa bera bigarren maila batean uzteko.
Izenburuko Nie Yinniang hiltzaile enigmatikoari Tian lehengusua hil dezan aginduko diotenean, iraganeko mamuak itzuliko zaizkio burura. Helburua betetzera doala, bihotzean duen minak aurrea hartuko dio maisuak eskatutakoari. Lehengusua hiltzea ez baita lan makala.
Ia bukaerara arte ahorik zabalduko ez duen arren, Shu Qik ederki antzezten duen hiltzaile protagonistak berehala igorriko digu barnean duen atsekabea. Atsekabe hori zerk eragin duen jakingo ez dugun arren. Emakumeari mina eta tristura baitarizkio begiradatik.
ANE MUÑOZ