"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Luciano Tovoli argazki-zuzendari italiarra nazioarteko artista bisual bikainenetako bat da zinema arloan. Haren lan gehienak Italian burutu baditu ere, Parisen eta Hollywooden ere lan egina da.
Toskanan jaioa duela zenbait hamarkada, Pisako Unibertsitatean Atzerriko Hizkuntzako ikasketak utzi eta Erromara abiatu zen, Centro Sperimentale di Cinematografia zinema eskola famatuan zuzendaritza ikastera. Han ezagutu zuen luzaroan bere lagun handia izan den Nestor Almendros. Tovoliren errepertorioak izenburu gogoangarriak biltzen ditu: Professione: reporter (The Passenger, 1975), Michelangelo Antonionirena, Jack Nicholson protagonista duena eta amaierako sekuentzia ahaztezinagatik mitikoa bihurtu dena; Suspiria (1977), Dario Argentorena, koloreen erabilera iraultzaileagatik estimatua eta aztertua; Pane e cioccolata (Bread and Chocolate, 1974) komedia sozial mikatza; edo Titus (1999), Julie Taymor-ena, zeinean estilo zinematografiko espresionista zirraragarri batez jantzi baitzuen Anthony Hopkinsen antzezpen bikaina.
Tovolik harreman bereziki emankorra du Barbet Schroeder-ekin; bost aldiz egin dute lan elkarrekin Hollywooden, besteak beste Reversal of Fortune (1990) lanean. Francis Veber-ekin ere maiz aritu da lanean; zazpi filmetan hain zuzen, hala nola zinema frantsesaren historiako pelikularik arrakastatsuenetako batean, Le dîner de cons (The Dinner’s Game, 1998) filmean. Ettore Scola maisuarekin ere adiskidetasun pribilegiatua du; oraintsu, haien arteko zazpigarren lankidetza egin dute: Che strano chiamarsi Federico, 2013), Federico Fellini gogoangarriaren bizitzan oinarrituriko film bat. Tovolik film luze bat zuzendu du: Il generale dell’armata morta (The General of the Dead Army), Marcello Mastroianni, Anouk Aimée, Michel Piccoli eta Sergio Castellitorekin, 1984ko Donostia Zinemaldian aurkeztu eta kritikaren laudorioak jaso zituena.