"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemagile eta produktore gazteentzako aholkulari gisa diharduen Francine Brücher andere edadetua da jadanik, haatik, gazte askok nahiko genuke haren buru argitasuna. Frantzian jaioa, Francinek atzerriko hizkuntzak ikasi zituen eta 1972an hasi zen zinemagintzan, nazioarteko salmentetan; besteak beste, Fassbinder, Wenders, edo Edgair Reitz-en filmetaz arduratu zen.
Hasierako urte haiek oroiminez gogoratzen ditu: “Horiek orain dela 40 urte baino gehiagoko kontuak dira. Garai hartan alemaniar zinema berria abiatu zen, Europan egiten zenaz oso bestelakoa, film arrakastatsuak izan ohi ziren eta oso erraza zen lan haiek saltzea. Urte batzuk geroago Almodovarren lehen filmeekin gertatu bezala, zirraragarria da belaunaldi berri baten sorreraren lekuko izatea”.
Gaur egun filmak saltzea lehen baino askoz zailagoa dela deritzo: “Zinemaren mundua irauli egin da azken hamarkadatan. Inoiz baino film gehiago egiten dira, gehiegi agian,ezinezkoa da denak barne hartzea, eta hori edukiz bete beharreko ehunka telebista kanal daudela. Gainera, orain ikusleak etxean dauka zinemaz gozatzeko teknologia eta askoz gutxiago doa zinemaaretoetara. Beraz, oso zaila da film bat saltzea”. “Horregatik –dio– hain dira inportanteak zinema-jaialdiak, filmak merkaturatzeko ezinbesteko erreferentzia-puntuak baitira”.
Bere zinema gustuei dagokionez, era guztietako filmak atsegin dituela aitor du: “Zinema oro gustatzen zait, berdin dio amerikarra edo Indiakoa izan, baina estilo bakar bat aukeratzekotan europar zinema nahiago. Egile bat deskubritu eta haren lana hastapenetatik jarraitzea sekulakoa da, haren ibilbideari erreparatuz eta estiloaren bilakaera antzemanez. Bestalde, istorio entretenigarriak atsegin ditut, baina horrek ez du esan nahi komediak izan behar dutenik”. “Filmak proposatzen duen bidaian parte-hartzea gustatzen zait”, gaineratu du.
Beste jaialdiekin alderatuta Zinemaldiaren ezaugarriak nabarmendu ditu Francinek hartara: “Batetik, jaialdiaren izaerara egokitzen diren pelikulak aukeratu behar ditu hautespenbatzordeak; eta bestetik, filmen irteera-datekin jokatu behar, Venezia, Toronto eta beste jaialdirekin lehia zuzenean dagoela kontuan hartuta. Hortaz, Zinemaldia oso garrantzitsu eta egokia da apiril eta ekaina bitartean amaitutzat ematen diren filmeentzat. Halaber, filmok espainiar edo latinoamerikar merkatuetara zuzenduta ote dauden ere kontuan izan behar, pelikularen aktore-taldea eta beste hainbat faktoreez gain”.
Gaur egungo zuzendari gazteak “oso ausartak” direla deritzo. Nonahikoak izanik ere, “gertutik ezagutzen dituzten gaiez aritzen dira: eskola, drogak, gurasoekin dauzkaten tirabirak, maitasun-istorio zoriontsu zein tristeak…”, ziurtatu du Francinek. “Lehen edo bigarren film hauentzako, ordea, finantzaketa da oztopo nagusia. Hainbeste zinema-eskola egonik, zuzendariak perretxikoak bailiran sortzen dira; labur bat egiten dute, eta beste bat, eta gero beste bat… baina film luzera jauzi egiteko dirurik ez”. Behin –hasi da kontatzen– sortzaile gazteentzako lantegi batean Sam Fullerrek honako aholkua eman zien zinemagilegaiei: “Lehenbizi liburu bat aukeratu eta berau egokitu, eta gero, ekoizle bat topatu eta harekin ezkondu”.
SERGIO BASURKO.