"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Edizio honen lehiaketaren azken filma 10 urteko haur baten beldurrak islatzen saiatzen da. Felix auzo lasai batean bizi da baina benetazko zein asmatutako ikarez beteta dago: gurasoen banaketaren, pederasten eta hiltzaileen beldur eta HIESarekin kutsatzeko beldur ere bada.
Philippe Lesageren ‘opera prima’ da hau eta bere haurtzaroko oroimenetan oinarrituta dago, atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenaren arabera. “Nire txikitako deabruak arakatu ditut gidoia idazteko. Haurrek asko pentsatzen dute, nagusiok uste dugun baino gehiago. Guztiok kapaz gara umeen beldurrak ulertzeko. Gehienetan, nagusitu ahala, ikarak eta antsietatea baretzen doaz edo, gutxienez, horrekin bizitzen ikasten dugu. Felixek batzuetan argitasun handia du eta beste batzuetan, ordea, irudikapenak menperantzen du bere burua”.
Nahiz eta barneko beldurrei buruz hitz egin, benetazko arriskuak agertzen dira baita ere, pederasta baten bidez. “Hori ere nire haurtzarotik atera dut, 80ko hamarkadan Montrealen nire adineko umeen bahiketa olatu bat izan zelako. Nik neba nagusiari istorio horiek entzuten nizkion eta beldurrak jota ibiltzen nintzen. Dena den, pederasta horrekin manikeismoa saihesten saiatu naiz. Bera ere biktima bezala ikusten dut”.
Filman plano-sekuentzia asko daude. “Ez zait gustatzen eskenak moztea filmatzen dudanean –esan du zuzendariak–. Horrela aktoreei espazio uzten diet askatasun osoz lan egin dezaten. Haurren barneko bizitzari buruz hitz egiteko funtsezkoa iruditu zitzaidan filmatzeko modu hori erabiltzea”. Ohikoa baino egun gehiagotan egin zuten errodajea.
“Talde tekniko txiki bat bildu nuen, horrela toma pilo bat egin ahal izan genuen. Aktoreek testua hartzen zuten eta bere eran esaten zuten. Maite dut nire sormena interpreteen sormenarekin lotzen denean. Igeralari ona uretan dagoela ahazten duen hura da. Eskenan gauza bera gertatzen da”.
Pascale Bussières Kanadako eskarmentu handiko aktoreak Felixen amarena egiten du eta, nahiz eta minutu batzuetan baino ez irten, etxean gertatzen den funtsezko eskena baten protagonista da. “Niretzako ez dira existitzen paper txikiak. Honetan inprobisazio lan handia egin dugu, batez ere famili krisia islatzen duen sekuentzia luze horretan. Philippek konfiantza guztia eman zigun egia bilatu genezan”.
Eduard Tremblay-Grenierrek egin du Felixen papera. “Niretzako, esperientzia ederra izan da. Zuzendaria zoragarria da eta lan egiteko dagoen talderik hoberena tokatu zait. Zorte handia izan dut”.
K.A.