"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
François Truffaut zinemagileak 1966an argitaratu zuen “El cine según Hitchcock” liburu ederra oinarritzat hartuz, Kent Jones idazle, kritikari eta gidoigile estatubatuarrak benetan gozatzekoa den dokumental ikusgarria filmatu du. Cannesen arrakasta handiz estreinatua, Jonesek bakarka zuzendutako lehen dokumentala da –aurretik Scorseserekin batera aritu zen, A Letter to Elia (2010) saritua zuzendu baitzuten elkarrekin.
Berez liburua zinemazaleontzat harribitxi bat bazen –eta hala izaten jarraituko du beti- beroren pantailaratzeak ez du zalea edonola utziko. Izan ere, areagotu egiten baitu suspentsearen maisu paregabeaz esan daitekeen oro.
“El cine según Hitchcock”- ek 1962an Los Angeleseko Universal Estudioetan Hitchcocken eta Truffauten artean egindako elkarrizketa luze eta aberasgarria biltzen bazuen, dokumentalak orrialde haietan idatzitakoa “bizidun” bihurtzen du. Elkarrizketa haien zuzeneko grabaketa zati luzeak biltzen ditu. Batzuk ahotsen bitartez soilik eta besteak irudi finko eta mugikorren bidez.
Topaketa horiek dokumentalaren zati garrantzitsuena osatzen badute ere, Jonesek bestelako materiale aberasgarri pila gehitu dio bere lehen luze honi. Alde batetik, filmen kartelak, afitxeak eta sekuentzia ugari, eta bestetik, Hitchcocken asmoak, pentsamolde eta estiloak hobeto ulertzeko, Vértigo (1958) eta Psycho (1960) bezalako klasikoak sakonki aztertzen ditu –liburutik ateratako atalak– kasu honetan film horietako eszenen bitartez testua aberastea lortuz.
Dokumentalaren beste alde garrantzitsu eta oso interesgarria, egungo zinemagile ospetsuen partaidetza da. Scorsese, Fincher, Spielberg, Wes Anderson, Assayas, Bogdanovich eta, beste batzuen artean, Trois souvenirs de ma jeunesse-ekin Donostian den A. Desplechin zinemagile frantziarra. Horiek suspentsearen maisuak zinemaren historiari egindako ekarpen garrantzitsuaz mintzatuko zaizkiok amerari.
Dokumental hau, zalantzarik gabe, zinema mutuan hasi eta 70eko hamarkadaraino etengabe filmatu zuen zinemagile britainiarrariegin litzaiokeen omenaldirik politena da.
Ane Muñoz