"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Harritzekoa bada ere, euskaraz filmatutako komedia erromantiko honen zuzendaria eskoziarra da. Ben Sharrock. Patata tortilla film laburrarekin Eskoziako Talentu Berrien bi Bafta Sari jaso ondoren, haren bertsio luzea den Pikadero estreinatzera dator, hau da Sharrocken lehen film luzea. Barbara Goenagak eta Joseba Usabiagak bikote protagonista samurra osatzen dute.
Ane eta Gorka ez dira hain gazteak, baina krisia dela eta, ez dute non liatu, non sexu harremanak izan. Pikadero bila dabiltza hara eta hona. Baina, hain zaila al da? Ez al dago Arratiako paisaia zabal berde eta eder horietan txoko lasairik? Pikadero naturalez beteta dago eta!
Aspaldiko topikoa da Euskal Herrian ez omen garela trebe edo azkarrak sexu harremanekin hasteko, lotsatiak edo mantsoak garela. Bada Gorkak ere halakoxea dirudi. Badirudi aitzakiatzat duela bikote-intimitate falta hori, sexuaz libratzeko edo. Agian erromantikoa delako, ezjakina, lotsatia, beldurti hutsa, edo besterik gabe, zozoa. Bikotearen ondoan, Gorkaren lagun mina (L. Otaola) eta etxekoak (P. Aznárez, I. Lazkano eta Z. Eguileor) ezagutuko ditugu. Aneri buruz, ordea, ezer gutxi dakigu.
Sharrockek bikote nagusiaren gorabeherak umore ironiko bihurri batez erakusten dizkigun bitartean, egungo gazte -eta ez hain gazteek- krisi ekonomikoaren eraginez aurrera ateratzeko bizi dituzten zailtasunez hitz egiten du; herri txiki batean bizi izanda bertan etorkizunik ezin imajinatu eta atzerriratu beharraz, eta batik bat, eguneroko bizitza arruntaren monotoniaz.
Soilak dira dekoratuak, osagarri gutxikoak, eta aldi berean koloretsuak. Irudi finko luzeek agintzen dute, maiz pertsonaiei beraiei ere tokitik mugitzeko aukera gutxi ematen dieten argazki moduko irudi politak. Kamerak ongi aprobetxatzen ditu, halaber, Arratiako bailarako bazter ikusgarriak.
Kokapena azpimarratzeko, Sharrockek euskal musika aukeratu du. Adi musikari, zenbait euskal kantu zahar eta ustekabeko bertso ederren bat ere entzungo baitugu istorioan zehar.
ANE MUÑOZ