"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sail Ofizialeko ikusleak bi modutara har lezake eguneroko film-arrazioa, Urrezko Maskorra eskuratzeko elkar lehiatzen diren 17 filmen arteko borrokaldia bezala, edo, munduko herrialde desberdinetan zeharreko bidaia desiragarriabailitzan. Atzo egokitu zitzaigun Les chevaliers blanc filmarekin adibidez, Txad-era egin dugu bidaia, hain zuzen ere, GKE batek gerra zibilaren biktima izandako 300 umezurtz, adopzio-eskaerak egin dituzten frantsesei emateko egindako ahaleginaren harian.
Azken aldi honetan badirudi boladan daudela gizarte laguntzari eta langile humanitarioei buruzko pelikulak, Fernando León de Aranoaren A Perfect Day, Juan Antonio Bayonak Donostian aurkeztutako 9 días en Haití dokumentala edo atzo Ofizialean ikusitako Les chevaliers Blanc hau berau, kasu.
Joachim Lafosse zinegilearen proposamen filmikoa, ‘Zoé-ren arka’ izeneko GKE frantsesak Txaden arrauz kanpoko adopzioak egiten saiatu zeneko eskandaluan oinarritzen da, zeharka bada ere. Zuzenariaren aburuz, kasu hartan nahasitako jendea “nartzisimoaren logikaz” jokatu zuen, “lagun hurkoarentzat zer den ona inork baino lehenago zekitela” uste baitzuten; eta behin “mundua salbatzeko gogoak galarazita”, batzuetan “laguntza humanitarioaren aiatolah modura jokatzeraino”. “Emozioaren diktaduratzat” jo du gizaldeko elkarte haren jokabidea.
Nolanahi ere, Lafossek ohartarazi duenez, “nahiz eta istorioa benetako gertakari batean oinarritua egon, pelikula bat beti da faltsua”. “Fikzioa gezurra da”, epaitu du. “Ni artista bat naiz, fikzioarekin egiten dut lan eta errealitateak bost axola”, nabarmendu du errealizadore belgikarrak; zeinak azaldu duenez hiru urte eman ditu gidoia idazten, beraz, “filmeko istorioa historia nobelatu bat da”. “Filman egiazkoak diren gauzak agertzen dira, baina berriro diot, niri bost axola. Ikusle bakoitza dilema baten aurrean jartzea izan da nire asmoa, ea beraiek ere modu horretan jokatuko zuketeen pentsaraztea”, gaineratu du.
Zuzendariak esan duenez, filma egiteko ez dio ezein GKEri aholkurik eskatu, bere asmoa ez baitzen elkarte hauen jardunean sakontzea: “erakunde hauen lana ezagutzen ez dudan ‘mundu’ bat da eta ez nuen filma horren inguruan egin nahi”. Lafossek, aitzitik, ez du erakunde hauen lana zalantzan jartzen, “fikziozko GKE honek bere ekintzak zuritzeko esandako gezurrak agerian jarri nahi nituen. Gezurren ondorioak aldez aurretik neurtu behar direla, hori adierazi nahi nuen”, argitu du.
“Afrikar bat frantses haurrak Frantziatik isil-ostuka ateratzera joan izan balitz, gauzak oso bestela ikusiko genituzkeen. Eta horixe izan dut filma egiteko akuilurik eraginkorrena”, azpimarratu du.
SERGIO BASURKO