"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Kore-eda, egungo zinemagile japoniarren artean Aisatik kanpora maitatu eta arrakastatsuetakoa, Still Walking (2008) eta Like Father, Like Son (2013) bezalako film hunkigarrien zuzendaria bera, emakume batzuen inguruko istorio arin, samur eta oso atsegin batekin datorkigu oraingoan. Hau da Yoshida Akimiren izenburu bereko manga animaziozko ipuinaren egokitzapen askea.
Sachi, Yoshino eta Chika, amonarena zen etxe zaharrean elkarrekin bizi diren hiru ahizpa gazteek, haiengandik urrun sendi berri bat osatzeko aspaldian utzi egin zituen aita hil berriaren alaba nerabea ezagutuko dute. Suzu txikia. Ahizpak, hasiera- asieratik, txoratzen daude berarekin, eta horregatik, beraiekin bizitzera eramatea erabakiko dute. Zorionez, Suzu ez da ume zaila, bere adinerako oso heldua baizik, jatorra, maitagarria eta oso alaia.
Haren etorrerarekin, beraz, etxe zahar eder hartan zoriontasuna besterik ez da arnastuko, alaitasuna, eta barreak, barre asko egingo dute eta elkarrekin.
Berez famili giroko komedia txikia da, non ez den -itxuran behintzat- gauza handirik gertatzen, non emakume batzuen egunerokotasun arrunta -bere gatazka txikiekin- besterik ez duen erakusten.
Ez da askorik gertatzen, ez, baina bizitza arnasten da. Giroan barneratzen gaitu. Izan ere, euren etxeko intimitatean lasai asko sartzen uzten gaituzten bitartean, ahizpen arteko denbora pasatze horiek, batik bat sentsazioei garrantzi emanez adierazten dizkigu Kore-edak. Horrekin nabarmen uzten du, behin eta berriro, Yasujiro Ozu maisuaren miresle sutsua dela eta filmatzerakoan erabatekoa duela harengandik jasotako eragina.
Kore-edak bikain zuzendutako laukote jator baten ezinbesteko laguntzaz, ahizpa-arteko elkartasun eta maitasun istorio horren ikusketa are gozagarriagoa egiten da. Sentikorra bada, baina ez da eztitsua izatera heltzen. Eta eskerrak.
ANE MUÑOZ