Nazioarteko zinemagile garrantzitsuenetakoak arituko dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian aurtengo Donostia Zinemaldian, irailaren 18tik 26ra bitartean. Laster, ezagutaraziko dira Sail Ofiziala osatuko duten pelikula gehiago.
Jean-Marie eta Arnaud Larrieu zuzendari frantziarrek emakume baten istorioa kontatuko dute beren film berrian. Carolinek oporraldia etengo du bere ama Isabellen hileta antolatzeko, bat-batean hil baitzaio Pirinioetako etxean. Ama zaintzen duen emakumearekin, Pattie andrearekin, adiskide egingo da, baina hileta prestatzeko lanak erabat aldatuko dira, halako batean amaren hilotza modu misteriotsuan desagertzen denean.
Mamoru Hosoda animearen maisuak egindako azken filma, Donostia Zinemaldiako historian Sail Ofizialean lehiatzen den lehen animazio-filma da. Kyuta haur bakartia da, eta Tokion bizi da. Kumatetsu, berriz, alegiazko mundu batean isolatutako izakia da, naturaz gaindikoa. Egun batean, Kyutak alegiazko mundu aldera jauzi egingo du, eta Kumatetsu ezagutuko du bertan: bere lagun eta gida espiritual bilakatuko da. Topaketa horrek hamaika abentura eskainiko dizkie.
Montrealen gazteak bahitzen ari dira azkenaldian. Bien bitartean, Félixek, hamar urteko mutil batek, eskola bukatu du Old Longueuil-en, itxura baketsuko bizitegi-auzo batean. Irudikorra eta sentibera da Félix, eta, beste haur asko bezalaxe, guztiaren beldur da. Apurka-apurka, gaztaroko irudimenean izaten diren demonioak errealitate asaldatzaileko demonioekin nahasiko dira.
Innocence filmarekin Zuzendari Berrien 2014ko saria eskuratu ostean, Lucile Hadzihalilovic Donostian izango da berriro ere bere azken lanarekin. Emakumeak eta nerabeak baino bizi ez diren uharte urrun batean, Nicolas eta beste mutil batzuei tratamendu mediko misteriotsu eta makurrak egingo dizkiete.
Ben Wheatley zuzendari britainiarraren azken lana, J.G. Ballard idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua. Robert Lang doktorea bere apartamentu berrira joango da bizitzera, anonimotasun bila. Baina ikusiko du gainerako bizilagunek ez diotela bake onik emango. Bere posizioa ezartzen saiatuko bada ere, Langen edukazio ona eta osasun mentala eraikinarekin batera hondatuko dira.
Kostaldeko hiri batean bizi den familia bati buruzko kontakizun dramatikoa. Espetxetik irten ostean, Mamuka bere sendia pobreziatik ateratzen saiatuko da. Amak atzerrian lan egiten du, aita gurpil-aulkian dauka eta anaia, berriz, lanik gabe dago, gaizkilez inguraturik. Mailegu batekin, arrantza-ontzi txiki bat erosiko du. Baina patua itsua eta gupidagabea da.
Ari izeneko 16 urteko nerabearen iniziazio-kontakizuna. Ama eta biak Reykjaviken bizi ostean, mendebaldeko fiordo urrunetara joan beharko du bueltan, bere aita Gunar-ekin bizi izatera. Hartu-eman uzkurra izango du han aitarekin, eta txikitako lagunak ere aldatuta ikusiko ditu. Giro etsigarri horretan, Arik bere bidea egiten saiatuko beharko du.
Gerra Handiaren garaian girotutako kontakizun epiko eta intimista, itxaropenari, tragediari eta maitasunari buruzkoa. Lewis Grassic Gibbon idazle eskoziarraren eleberritik egokitua eta Terence Davies britainiarrak zuzendua.
Ondorengo izenburuak, aurretik iragarri ditugun Espainiako ekoizpena duten Sail Ofizialeko gainontzeko filmei gehituko zaizkie.