"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Petar eta Kristina Sofiako zinema eskolan ezagutu zuten elkar. Hasieran, bata alderdi teknikoez arduratzen zen eta bestea, gidoien idazketaz. Jump euren lehen laburrean ordea, zuzendarikide moduan lan egin zuten biak ala biak. “Kristinarekin lan egitea bereziki dibertigarri da. Egiteko guztiak partekatu egiten ditugu, eta horrela libreago sentitzen gara eta sortzeko ahalmena areagotu egiten zaigu”, azaldu digu errealizadore bulgariarrak. “Egia esteko, -ahapetik dio Petarrek-, bizitza errealean bikote gara eta alabatxo bat daukagu. Kristina ez da elkarrizketara etorri umea zaintzen ari delako”.
Film laburrak egitetik euren lehen luzea burutzera pasatzean ez omen dute aldaketa handirik somatu: “Pelikula labur eta luze baten arteko ezberdinbasunik nabarmenena filmaren iraupena da. Dena dela, dramaturgia garatzeko denbora gehiago daukazu, prozesuaren alderdi guztiak biderkatu egiten dira eta filmaketa korapilatsuagoa suertatzen da. Azken finean, ikusleen arretari denbora gehiagoan eutsi behar diozu”.
Bulgariar zinemagile gazte hauek bizitza erreala eta euren bizipenak dituzte inspirazio iturri. “The Lesson-en argumenturako txinparta egunkariko titulu bat du oinarri, banketxe batean lapurreta gauzatu zuen irakaslearena, hain zuzen ere. Berez, ez da gertakari haren berregitea, alabaina, albistea abiapuntutzat hartu eta elementu propioak gaineratu genizkion istorioari”.
Zerk bihurtzen du pertsona zintzo bat gaizkile? “Ezbairik gabe, krisia, krisi ekonomikoa. Filmeko protagonistari gertatzen zaiona, bera eta bere familia etxetik kaleratu nahi dutela alegia, gutako edozeini gerta dakioke. Nahiz eta Bulgariaren kasuan krisiak duela 25 urtetik hona dirauen. Emakumea sekulako presiopean biz da eta horrek erabaki okerrak hartzera behartzen du”, iritzi dio zuzendariak.
Zinemagile bikotearen asmoa prentsako titularren bidetik segitzea eta trilogia bat gauzatzea litzateke: “Bigarrena trenbideetako langile baten ingurukoa da, trenbidean topatzen duen diru mordoa itzuli eta ordainetan oso erloju garestia oparitzen diotenekoa. Kontua da astebete baten buruan ordularia izorratu egin zitzaiola, imitazioko erlojua zen. Eta hirugarrenerako, fikzio garbiago batean pentsatzen ari gara”, iragarri digu.
“Filmatzeko diru-iturriak lortzeaz luze mintza gintezkeen baina ez zaituztet aspertu nahi –jator antzean dio Petarrek–”, eta gaineratzen du, “ez nuke elkarrizketa hau amaitu nahi, Margita Goshevaren antzezpen eskuzabala goraipatu gabe”. S.B.