"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Drama barnerakoi oso xume honek gaisotasun sendaezina duen ama zaharrak erabat hutseratuta daukan emakume bakarti baten egunerokotasun grisa erakusten du. 50 urte betetzera doan arren, amak oraindik Cristinita deitzen dio. Horrek asko esan nahi du. Sekula bere albotik aldentzen uzten ez dion ama berekoia dela, oso oso berekoia. Hain da berekoia ama, ez diola alabari bere bizitzan aurrera egiten uzten. Bi metro urruntzen bazaio ere, deika hasiko zaio, “Cristinitaaa!”.
Oso emakume isila da berez, lotsatia, ona eta izugarri zintzoa. Amaren lagun zaharren txutxumutxuak ezin ditu jasan. Ez du ulertzen zergatik hitz egiten duten ezagutzen ez duten jendeaz, eta are gutxiago, ezagutuko balituzte bezala iritzia eman eta kritikatzen jartzen direnean. Baina Cristinakez du ama mindu nahi eta isil-isilik entzun beharko ditu lagun berri-lapikoen solasaldi jasangaitzak.
Cristinak gabezia handiak ditu, oinarriko gabeziak: ez du lanik, ez lagun minik, ez bikoterik, eta mezetatik etxera eta etxetik kanposantura egingo dituen irtenaldiak dira eguneroko zeregin bakarrak. Bestalde, aspaldiko lagun batekin topatzen denean, begiak zabaltzen lagunduko diona, amarengandik askatuz bizitza hobeago bat izan dezakeela jabetuko da. Ez da erraza, ordea. Cristinarentzat, amarenganako lotura handiagoa da sekula izan ez duen askatasun horrek eman diezaiokeen bizi-poza baino.
Espinosa eta Farías zuzendari gazteek ikasketa amaierako proiektu gisa filmatua, Txileko nekazari giroko herri txiki batean kokatua dago eta bertako gizarte atzerakoi eta ezikasiaren egunerokotasuna ederki islatzen du.
A.M.