"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra film dokumentala aurkeztu zuten atzo Victoria Eugenian Eduardo Barinaga ETBko zuzendariak, Josu Venero eta Alberto Santana zuzendariekin batera.
Aurkezpenean, Barinagak gogoratu du orain urtebete, eszenatoki berberan, proiektu pertsonal bat aurkeztu zuela, Amaren eskuak. “Bizitzak erronkak, aukerak eta erabakitzeko garaiak dauzka. Ezin dugu denbora eman egin ez dugunari buruz eztabaidatzen; nora joan nahi dugun, horrek izan behar du gaia. Gure lana eztabaida guneak zabaltzea da eta dokumental honek euskararen jatorriari buruzko teoria bat planteatzen du”.
Filmak euskara egungo Euskal Herrian nola zabaldu zen azaltzeko teoria bat aurkezten du, ingurune akademikotik kanpo oso ezaguna ez dena. “Vasconiako historia bat da, ez historia bakarra”, esan zuten bart egileek. Santana historialariak berak gidatutako dokumental honetan, aurkikuntza historikoak, arkeologikoak, genetikoak eta linguistikoak erabiltzen dituzte publikoarentzat nahiko ezezaguna den teoriari, Europako hizkuntzarik zaharrenaren hedapenaren gaineko teoriari, eusteko. K.A.