"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Małgorzata Szumowska gidoilaria, ekoizlea eta zuzendaria da, eta bere lanek sari ugari jaso dituzte, hala Polonian nola Europan. Duela hamar bat urte bere lehen pelikulak aurkikuntzatzat jo zituzten, eta orain bera izango da Zuzendari Berriak atalaren baitan zinemagile gazteagoen lanak epaituko dituena..
Prentsaurreko batetik bizkor antzean heldu da, ia arnasestuka: “Nire lehenengo aldia da Donostian, baita zinema-jaialdi bateko epaile gisa ere. Eta badakizu? izugarri disfrutatzen ari naiz”, esan digu ohiko agurren ondoren. Zuzendari Berrien epaimahaiko moduan film mordoska ikusten ari da egunero, hale ere, ez zaio batere eginkizun astuna egiten. “Egia da film piloa ikusten ari naizela, baina oporretan egongo banintz bezala sentitzen naiz. Nire eguneroko bizitzan ez dut zinemara joateko astirik izaten, ia beti lanean bainago. Beraz, oporretan nagoela esan daiteke, buruarentzako oporretan, hori bai. Zinema-aretoen iluntasunean, inork ez didala polonieraz hitz egiten, film interesgarriak ikusten… hori da pagotxa!
Zuzendari Berriak epaimahaiko gisa ikusi beharreko filinteresgarriak daudela iruditu zait, ordea, dagokidan saileko filmak besterik ez ikustea erabaki dut, nire arreta osoa film horietan jartzea. Eta denbora pixka bat, hiri eder honetaz gozatzeko uztea”.
Szumowskak azaldu digunaren arabera, bere ikus intuizioa erabiliko du filmak aztertzeko.”Ez da teknika kontua, ikusten ari zarenarengan bihotza jartzea da kontua. Epaimahaian badira alderdi teknikoei edo antzezpenei erreparatuko diten epaimahaikoak, baina nik intuizioa baliatuko dut inolako irizpide mugarik gabe”.
“Zinemagile berri baten talentua irudiek daukaten indarrean datza, pertsonaien bizitasunean antzeman daiteke. Filmak ukitu egin behar zaitu, zentzu batean edo bestean hunkitu, bizitza ikuspuntu berri batetik erakutsi”
Zinemaldiko Eastern Promises atzera begirakoan ematen ari diren 33 Scenes from Life pelikularen egileak aditzera eman digunez: “Nire iritziz, Ekialdeko Promesak atzera begirakoan sartu dituzten herrialdetako zinemagintzak elkarren arteko antz handirik ez dute. Ez naiz estilo komun edo belaunaldi baten barnean sentitzen, bai ordea bilakabide baten parte. Herrialde hauetan dokumental kutsuko zuri-beltzeko film asko egiten da, batez ere, aurrekontu urriko zinemagintzak direlako. Nolabait ere, egoerek batzen gaituzte, baina ez dugu ideologia komunik”.
Zentzu honetan, Poloniako zinemaren egoera beste herrialde horiena baino asko hobea dela esan daiteke: “Polonian film komertzial ugari egiten da eta zenbait kasutan etekin horiek egile film ausartagoak gauzatzeko erabiltzen dira.
Poloniako zinema-merkatua Frantziakoarengandik gertuago dago Moldavia, Letonia edo Serbiakoatik baino. Egoera paradoxikoa da, esate baterako, Errumanian bada aspaldi honetan gailentzen ari den zuzendarien ‘uhin berri’ bat. Oso aurrekontu txikiekin egiten dute lan, baina euren sustraietara jotzen dute eta sekulako filmak burutzen dituzte. Hau da, Errumanian, oro har, film hobeak egiten dira Polonian baino”.
Krakovian jaiotako Małgorzatak aitortu digunez, “nire herrialdean biztanleen %90a katolikoa izanik, erlijioa jadanik ez da hondar-gaia poloniar zineman. Erlijioak hizpide izaten jarraitzen du zineman, baina garai batean ez bezala begirada kritiko batez jorratzen da, nik neuk In theName of filmarekin egin nuen bezalaxe”.
Pelikula berriena, Body, datorren urtean estreinatuko duen poloniar zinemagileak ez dio 2016an Donostiarekin batera Europako Kultur Hiriburutza partekatzen duen Wroclawko egitarauari aparteko ekarpenik egingo, “ni Varsovian bizi bainaiz, aitzitik, Wroclaw bisitatzea biziki gomendatzen dizuet. Hiri zoragarria da, gazte jende artegaz betea”. SERGIO BASURKO