"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Maxime Giroux kanadarrak publizitate-lanak eginez ekin zion bere ibilbideari eta orain, bere pelikula berriarekin, komunitate judu ortodoxoarengana hurbiltzen ahalegindu da ezinezko maitasun-istorio baten bitartez. Zuzendaria aipatu komunitatearekin “zintzo” jokatzen saiatu dela adierazi du, “asmo moralistarik gabeko” filma eginez eta bere protagonistei “euren bidea aurki dezaten utziaz”.
Félix dirurik gabeko tipo xelebrea da eta Meira judu jasidikoa. Ez zegoen aurreikusita biek elkar ezagutzea, eta are gutxiago bata bestearekin maitemintzea. “Beren komunitateek banandu arren elkar maitatzen saiatuko diren bi izakiren arteko maitasun-istorioa da”, argitu du zuzendariak.
Meira ez da komunitate jasidikoaren arau zorrotzetara egokitzen, “musika entzuteko, kantatzeko, praka bakeroak janzteko, azken finean, libre izateko irrikitan dago”, azaldu du Hadas Yaron aktoresak.
Zuzendariaren esanetan, “komunitate hertsi hori ezagutzeko eta ulertzeko saio filmikoa da. Montrealen bizi naizen auzoko komunitate jasidikoarengana hurbiltzea ikusleen interesa piztu zezakeela iruditu zitzaidan”.
Errealizazio aldetik baditu gauza interesgarriak, etxe barruko zenbait eszenatako plano luzeak adibidez. Ikusteko polita da eta familia judu jasidiko baten egunerokotasunean sartzeak badauka bere interes puntua. “Ez da dokumental antropologikoa, baina ahalbait gehien hurbiltzen saiatu naiz”, eta hori lortzeko komunitate jasidikoaren lagunekin hitz egin zuen zuzendariak, haatik, film bat errodatzea gindoazela jakitean lankidetzan aritzeari uko egin zioten.
“Zinema eta telebista pentsaezinak dira beraientzat”, nabarmendu du zuzendariak, eta hala ere, zenbait familiek “euren apartamentu xumeak eta beraien erlijioko objektu erritualak utzi zizkiguten”.
Horrez gain, pelikula ingelesez, frantsesez eta ‘yiddish’ hizkuntzaz errodatu zen, nahiz eta hizkuntza hori Lucer Twersky aktoreak baino ez zuen ezagutzen. “Lucerrek itzuli zituen yiddisherako elkarrizketak eta fonetikoki hitz egiten lagundu zion bere antzezkide Hadas Yaroni”.
Filmean yiddisha erabiltzea “sinesgarritasun” kontua da, “ahalik eta erretratu errealena pantailaratu nahi bainuen. Ez nahi pertsonaiak mozorrotutako aktoreak baino ez izatea”, ziurtatu du Girouxek.S.B.