"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Esan, aspaldiko zein gaurko zine kronikek ezer onik esaten dute Anybody´s Woman filmaren inguruan. Elkarrizketak zapuzten dituzte eta eszenek ez dutela mugimendu izpirik ere diote.
Baliteke. Izan daiteke. Izan leike baina guri bost. Benetan, bost. Gu joan den mendeko film honen gaurkotasunak liluraturik gauzka. Baliteke ere kontrakoa izatea: gaur egungo plazer gureek badaukate antigoalderako joera.
Izan leike, bai. Esaterako, gustu handiz entzuten dugu neska protagonista Pansy Gary delakoa burlesquen aritzen dela. Plazerrez entzuten dugu guretzat Dita von Teese, Catherine D’ Lish edota Dirty Martini kabareten jainkosa berri, ausart, ahobero, lizun eta ederrak baitira (Sally Bowlesen baimenaz, jakina asko, belauniko, arren, otoi).
Denek, ‘The New York Times’ barne, horren errespetu gutxiz eta mespretzu erraldoiz tratatu duten gure gaurko filma hasi orduko guk somatu egin genuen. Ziztu batean jakin genuen Pansy Gary burlesqueko izarra (barka, igual hobe litzateke ‘langile’ hitza erabiltzea…) zela. Banjo antzeko zerbait jotzen zuen bitartean, besaulkian nola zegoen erdi eserita, erdi etzanda ikustea nahiko eta sobra izan genuen. Burlesqueko izar/langile batek baino beste inork ez luke gorputza horren aise, horren libre, horren sentsualki utziko kamera baten aurrean, tapizaturiko aulki baten aterpean…
Begiradan ere nabaritu genuen Pansy bulesqueko izar/ langile/andrea zela. Auskalo zer, auskalo zenbat eta nolakoak ikusteko jaioak garela esaten zuten Pansyren begi horiek.
Baina ez dugu ukatuko guk ikusi baino askoz lehenago esandako guztiaz konturatu zela ez bakarrik Dorothy Azner Charles Lang baizik. Bera, Armei adio, Sabrina, Gun Hilleko azken trena edota Zazpi apartak argitu zituena izan zen denek mespretzuz hartu zuten, hartzen duten film honen argazki- zuzendari paregabea, betirako galdu duzunaren minez begiratuko dugun txuri-beltz miresgarri hartan.
Esan dugu Anybody´s Woman maitatzen dugula burlesque dela-eta baina errepara iezaiozue, otoi, beste kontu berdingabe bati, bertan lanean ibili ziren emakume sorta haren gorentasunari. Pansyrena egiten duen Ruth Chattertonek Hamlet antzeztu zuen telebistan Hollywood abandonatu orduko eta idazle fina bilakatu ere. Istorioa sortu zuten Doris Anderson eta Zoe Akins ez dira ere nolanahikoak. Lehengoak 51 zine izkribu idatzi zituen. Bigarrenak, Neskazaharra edo Nola ezkondu milioidun batekin filmen gidoien atzean aurkituko dugu beti…
Anybody´s Woman honi errefus egiten dioten horiei guztiek ezer gutxi dakite barnean dituen altxorrez. BEGOÑA DEL TESO