"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Berriki hil den Néstor Basterretxea artista polifazetikoaren bizitza eta lana kontatzen digute Gentzane Martinez de Osabak eta Alex García de Bikuñak Bizi seinaleak: Néstor Basterretxea dokumentalean. Bilboko Arte Ederren Museoan artistari egin zioten atzera begirakoa aitzaki hartuta artista eta gizona ezagutzen dugu. Bidaia horretan, Néstorren izaera eta lan-molde berezia ezagutzeaz gain, XX. mendeko kulturan eta arte garaikidean izan duen eragina ere ikus dezakegu.
Aspalditik zuten bi errealizadore hauek euskal kulturan ezinbestekoa den Néstorri buruz zerbait egiteko grina, eta erakusketa hura egin behar zutela enteratu bezain pronto, aukera ikusi zuten. Artistaren etxeko saloian lehendabiziko bilera izan zutenean jaso zuten baiezkoa. “Lehen momentutik ireki zizkigun bere etxeko ateak, proiektuarekin oso hunkituta zegoen eta berehala ekin zion istorio eta anekdotak kontatzeari. Baina gehien harritu gintuena bere umorea izan zen, sekulakoa da eta nire iritziz bere obra ere sarkasmo eta ironia inteligente horretaz blai dago”, dio Alexek.
Nestorren lan prozesuaz gozatu dezakegu dokumentalean, baina artistari pieza bakoitzak gogorarazten zion anekdotak bururatu eta sentimenduak azaleratzen zaizkio une oro. Chileko herrialdeari eskultura bat bidaliz elkartasuna adierazi nahi izan zionean, hau ezkutatuta egon behar izan zen urteetan zehar. Behintzat artelan hura berreskuratu zuten; ze adibidez, garaiko estatuko zentsurak kenarazitako Amalur filmeko irudi batzuk betirako galdu baitziren. Garaiko diktadurak erre egin zituen. 1968.
“Euskal artistaren erretratua da, baina aldi berean edozein aititen erretratua. Barnean daraman haurra antzematen zaio dokumentalaren une askotan eta Bilboko erakusketa inauguratzera zihoanean bere urduritasuna ere erakutsi zigun. Gure ustetan jendea harritu egiten da Néstorren nortasuna ezagutzean. Pertsonaiaz maitemintzen da. Dokumentala pertsonaiara hurbildu eta hau ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Bere familiak pantailan ikusten duguna beraien aita eta aitite dela esan digu”, adierazten dute bi errealizadoreek: “Nestorrek ere, filma ikusi zuenean, hunkituta deitu gintuen, hura itzela izan zen guretzat”.
Nestorrek kontzeptu berriak bilatzen pasa zuen bizitza, baita bere azken egunak ere. “Oso gizon langilea zen eta ez zion ikasteari inoiz utzi. Gehiago bizi nahi zuela errepikatzen zigun, zaharra zela, baina jakintsuago sentitzen zela gauza berriak egiteko. Ezin zuen bere sormena eten. Eta ez zuen eten, behartu zioten arte”. N.A.