"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Danimarkako Nakskov hiri hotz eta baketsurantz garamatzan alemaniar drama intimista honek institutuko azken urtea amaitzear duten ikasle talde baten egunerokotasun arrunta erakusten du. Etorkizunean zer egingo, nora joango, kezkati dabiltza gazteok.
Guztien artean, Nakskoven bertan jaioa den Anna Sofie Hartmann zuzendariak arreta Sararengan jartzen du. Kameraren objektiboaz hurbiletik jarraituz, haren egunerokotasun grisa erakutsiko digu. Hartarako, iparraldeko argi erdi urdin erdi zuriak lagunduta tonu malenkoniatsuaz azalduko dizkigu neskak noraezean biziko dituen joan-etorriok.
Sara bakarrik bizi da eta bakarrik dago. Ikaskideen artean lagun onik badu ere, Karen irakasle berriarenganako mirespenak lagunengandik aldentzea eragingo du. Izan ere, harekin liluratuta igaroko baititu datozen egunak. Gainontzekoentzat irakaslearen izaera feminista “gehiegizkoa” omen den bitartean, Sararentzat ideala da, perfektua. Bestalde, irakaslearenganako mirespen hori oso bestelako sentimenduekin nahasten dituenean bien arteko harremanak bide berri bat hartuko du.
Sara bakartia bizikletan ibiltzen da, autoan eta motozikletan. Hartmann gazteak Sararen bidea presarik gabe jarraitzen duen bitartean. Inguruak erakusten ditu, hain juxtu pertsonaien egunerokotasunaren gertakari garrantzitsuenei baino inguruko gaiei garrantzia ematen dien bezala.
Hausnarketarako filma, beraz, non begiradak garrantzitsuagoak diren hitzak baino, eta gertakarien eragile eta ondorioak gertakariak berak baino. Amaierako eszenak zer adierazten duen ezin asmatu, ordea. A.M.