"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hego-Koreako ama-alaba nekazari txiro batzuen bizitza erabat aldatuko da hiritik datorren emakume misteriotsu batek haiengana joko duenean. Emakume honek ume bat izateabesterik ez du amesten. Etxadian bizi den emakumeak berriz, haurdun dagoen alaba gaztetxoaren umea ezingo duenez hezi, besteari emateko tratua egingo du. Hartarako, Seulgo emakumea nerabearen haurdunaldi osoan zehar etxadian bizitzen geratuko da. Jakina, berezkorik ez dezakeela izan ez dio ba inori kontatuko! Nola aitortu aurreiritziz betetako gizarte atzerakoi batean umetxo hori ez dela bere sabeleko fruitua? Ohitura zaharrekiko loturak errotik moztea ez da hain erraza, eta, hartarako, nahiago gezurrik potoloena ere asmatzea.
Haurdun dagoen neskatoak zigortua dirudi. Izan ere, helduek txotxongilo bat izango balitz bezala hartzen dituzte bereak behar luketen erabakiak. Ez diote maitasunik emango, sabelean daraman umetxoaren egite prozesuaz besterik ez dira arduratuko. Baina neska ez dago konforme eta, gero eta etsipen handiagoaz, tratuarekiko ezadostasuna aldarrikatzen saiatuko da, behin eta berriro. Irtenbide errazik ez dago, ordea, gaixoarentzat.
Etxadi hartan denbora mantso eta bare garotzen dela irudituko zaigu hasieratik, baina haurdunaldia aurrera doan neurrian, emakumeon unibertsura gerturatuz goazen heinean alegia, batzuek eta besteek gordetzen dituzten sekretuez jabetuz joango gara, haien gezurrez, gizarte atzerakoiaren ereduak hausteak ekar ditzakeen ondorioei dioten beldurrez...
Albert Shinek eszena zirraragarriez josi du drama sakon hau. Pixkanaka bere unibertsurantz bidaliko gaitu, eta sartzea lortuz gero, hunkitu ere egingo gaitu. Bai eta mindu eta haserretzea lortuko ere. Eta beharbada egoerak eragindako inpotentziagatik amorratuta irtengo gara aretotik. Posible al da halakorik?. a.m.