"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Abel Ferrara eta Willem Dafoe zuzendari eta aktore handiek elkarlanean egindako pieza berri honek errealitatea eta irudimena nahasten ditu, Pasolini maisuaren bizitzako azken eguna bere modura erakusteko. Irudimena galanta, amesgiroko eszena surrealista ugari, eta azpi- azpian, gertakari erreal bat: Pasoliniren amaiera.
Ferrararen nortasun berezia agerian uzten duen bertsio ausart eta oso subjektibo honek Pasoliniren film, liburu eta olerki sortatik ateratako sekuentzia iradokitzaile ugari nahasten ditu, eta horiek kaleidoskopio baten antzera mugitzen ditu, protagonistaren amaiera tristerantz bideratzen gaituen bitartean.
Berez askatasun osoz eraikitako bertsioa bada ere, 70eko hamarkadaren erdialdeko Erroman kokatua dago. Horretan bai, historiarekiko leialki jokatu du Ferrarak, eta bereziki zaindu ditu istorioaren kokapen eta girotzeak. Halaz eta guztiz ere, berezko gertakari errealari berari baino garrantzi gehiago ematen dio Pasoliniren azken eguneko egutegiari, huraxe izanik gidoiaren ardatza. Berton idatzitakoak hartuta, oso puzzle bitxia egiten du.
Aktoreen lana atsegingarria da. Dafoe bera, adibidez, miresgarri dago Pasolini intelektual, sexuzale azkar eta erakargarriaren rolean. Nabarmentzekoa da, halaber, azken aldian ahaztuxea izan dugun Maria de Medeiros finaren partaidetza. Laura Betti hilehoriarena egiten du, nahikoa agerpen labur baina dibertigarria eskainiz. ane muñoz