"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
New Yorkeko negu gorrian, Brooklyngo langile-auzunean, krimen antolatuak tabernak dirua zuritzeko ‘postontzi’ gisa nola erabiltzen dituen kontatzen digu pelikulak. Michaël Roskam (Bullhead) belgikar zuzendariak tabernazulo horietako batera garamatza gangster zinema kutsu saihestezina duen film honetan, zeinean, thrillerrak eta maitasun istorio nahasi samar batek bat egiten duten; azken batean, gizakien bakardadearen gainean gogoeta egiteko.
Filmeak gainera aparteko eragingarriak eskaintzen ditu Tom Hardyren presentzia sendoarekin nahiz James Gandolfini handiaren azken agerpen zinematografikoarekin. Horrez gain, gizarte-klase apalenen inguruan girotutako poliziakoetan aditua den Dennis Lehane idazlearen (Mystic River, Shutter Island, Gone Baby Gone) kontakizun labur batean oinarritzen da gidoia.
Tom Hardy protagonistaren ezean, zuzendariarekin batera Millenium sagako Noomi Rapace suediar aktorea agertu da, Matthias Schoenaerts antzezkidea ez baita prentsaurrekora garaiz iritsi hegaldi arazoak zirela-eta.
Roskmanen arabera, The Drop batez ere xalotasunaren bilaketari buruzko istorioa da. “Xalotasun hitza da filmeko giltza”, azpimarratu du. “Galdutako xalotasuna zauriturik aurkitzen duen txakurkumean itxuratua topatzen duen tipo baten historia. Hori da nire ustez filmaren muina, gainerakoa gero dator”.
“Lehaneren gidoia oso zehatza zen, hala ere nire pertsonaiaren iragana erruz landu nuen sinesgarriagoa gerta zedin”, adierazi du Rapacek. “Egoeren bidez baino gehiago antzezpenen bidez garatzen da pelikularen akzioa. Pertsonaiei tipularen geruzak kentzea bezala izan da, hauek ez baitziren hasiera batean ziruditena”, baiztatu du zuzendariak.
“Brooklynek aurpegi anitz ditu, ikaragarri handia da, Paris baino handiagoa. Aniztasun handia dago bertan. Auzo katoliko bat nahi nuen filmerako, langile- klasekoa, eta horrelako asko dago Brooklynen”, azaldu du filma kokatzeko Brooklyn aukeratu izana berresteko, jatorrizko kontakizunean Bostonen gertatzen baita.
James Galdonfini ahaztezinarekin lan egin izanaz hitz egiterakoan ez Roskmanek ezta Rapacek ere ez dute goraipamenik gorde. “Liluratuta utzi ninduen. Batzuetan hari begira gelditzen nintzen, eta moztu! esatea haztu”, aitortu du zuzendariak. “James Galdonfini izan eta zineman sekulako eskarmentua izan arren, lehenengo aldia izango balitz bezala ekiten zion antzezpenari. Hutsetik abiatzen zen egunero. Eredu bat izan da denontzat, benetakoa, oinak lurrean zituena, eta apala, oso gizon apala. Umiltasuna, horixe izan da niretzat bere handitasunaren adierazgarri azpimarragarriena”.
Rapacek kontatu duenez, errodatzen hasi eta egun batzuetara Jimmy agurtzera pasa zen filmaketatik. Hardyrekin eszena bat errodatzen ari zen. “Agur esatera besterik ez nihoan, baina bertan harrapatuta gelditu nintzen. Beraien artekoa magikoa zen, bizia osotara”. s.b.