"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sebastian Salgado argazkilariak bizitza osoa bidaiatzen eman du eta historiako gertakari garrantzitsuenetarikoen lekuko izan da: nazioarteko gatazka, gosete eta exodo askorena. Orain, egundoko paisaiak dauzkaten lurraldeak bilatzen aritzea erabaki du, gure planetaren edertasunari omenaldia egiten dion argazkilaritza- proiektu erraldoi baten barnean. Salgadoren bizitza eta lana The Salt of the Earth filmaren bitartez ezagutarazten dizkigute, argazkilari ere baden Wim Wendersek eta protagonistaren semeak, Juliano Ribeirok: “Hasiera baten oso ideia bitxia iruditu zitzaidan aitari buruzko filma egitea, baina 35 urterekin berarekin bidaiatu nuen Amazoniara, bertako tribu baten argazkiak ateratzera, eta aitak egiten zuen lana filmatu nuen. Itzuleran irudi haiek editatu nituen eta aitari erakutsi nizkionean asko hunkitu zen. Ondoren, irudien bitarteko elkarrizketa bateri ekin genion eta Sebastianek, proposatzen nion lanaren kalitatea ikusi zuenean, nahiz eta oso pertsona lotsatia izan baiezkoa eman zidan. Nik bera nola ikusten nuen gustatu egin zitzaion”.
Bat-batean Wim Wenders zuzendari ospetsua agertu zen aita-seme hauen bizitzan eta argi utziaz Sebastianen lana izugarri miresten zuela, proiektua elkarrekin egitea erabaki zuten hirurek. “Wimekin lan egitea izugarrizko esperientzia izan da, eskuzabaltasun itzeleko artista da, gizon honek zinearen historian eragin du eta berarekin banekien filma ezin egokiagoa egingo genuela. Sebastianek, bere bidaietatik bueltan, kontatzen zizkigun istorioak oso indartsuak ziren eta Wim nirekin ados zegoen oso material zinematografiko ona zela. Biok intuizio berbera genuenez, Sebastianen historia 90 minututan kontatuko genuela erabaki genuen”, dio emozioz beterik Julianok.
Aita Indiana Jones bezala ikusten zuen haurtzaroan, orduan mugikorrik ez zegoen eta eskutitz bitartez komunikatzen ziren, baina hala ere aitagatik hurre sentitu da beti errealizadorea, aita itzultzen zenean oso erlazio aberatsa zutelako: “Sebastian bizi zuenaz oso kontziente zen eta bere seme-alabei helarazten zien. Film hau terapia izan da niretzat, pertsona heldua egin nau, hazi egin naiz nire familiari buruzko proiektu honekin”.
Salgadoren historia Ruandara 90eko hamarkadan egin zuen bidaian erabat aldatu zen, bertako genozidioaren ondorioz barrualdea apurtu zitzaion artistari. “Nire aitak ez du bere burua babesten, erretratatzen duen jendearekin harreman estua egiten du. Kazetari askok distantzia jartzen du erretratatzen duenarekin, bestela zoratu egingo lirateke, baina ez Sebastianek. Akaso bere argazkien indarra eta purutasuna horretan datza. Egoerekin emozionatzen da eta emozio hori argazkietan ikusten da”.
Salgadok natura erretratatzea erabaki zuen orduan eta Genesi proiekturi ekin zion bere emazte Lalia eta familiarekin batera, eta poliki- oliki esperantza berreskuratzen hasi zen. Guztion artean, mundua aldatu dezakegu, hobetu, hor ikusi zuten bi zuzendariek pelikularen bihotza: “Sebastianek Ruandan, gizakian esperantza guztia galdu zuen, baina gero berreskuratu egin zuen. Krudela eta bortitza den mundu honetan ere gauza baikor asko egin daitezke, guztion artean mundua asko hobetu dezakegu”.
N.A.