"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Vincent izeneko gazte isil eta itxuraz arruntak betidanik sekretupean gorde du urarekin kontaktuan jarriz gero lortzen duen indar neurriezina. Nolabaiteko super-heroia dela, alegia. Jaiotzez duen gaitasun haluzinagarri horrekin ohituta, lasai bizi dela dirudi. Guk, bitartean, hara eta hona jarraituko dugu, tipoak zer duen jakin gabe.
Gure super-heroiak Lucie ezagutuko duenean, Vimala Ponsek (La fille du 14 de Juillet, 2013) txukun antzeztua, harekin itsu-itsu maiteminduko da. Handik gutxira, maiteari bere super-botereak erakustea erabakiko du. Bai eta ikus-entzuleoi publikoki adierazi ere. Eta egia esanda, ikaragarria da tipoa igeriketan ikustea... hau martxa!
Ordurarte inork ezagutzen ez zuen sekretua azalduta, poliziaatzetik hasiko zaio, baina ez dugu ahaztu behar Vincentek, komiki eta filmetako superheroi arruntek bezala, bere botere bereziez baliatu ahalko duela guztiengandik ihes egiteko. Salbu egoteko.
Urak -igeritoki, itsaso, ibai, laku, iturri...- ezinbesteko garrantzia du eta horregatik konstantea da uraren presentzia. Ur artean jarraituko dugu Vincent, eta ia elkarrizketarik ez dagoenez soinu naturalez gozatuko dugu haren joan-etorriak harridura puntu batekin irensten ditugun bitartean.
Thomas Salvador ausartak Vincenten rola antzeztearekin nahikoa ez bazuen, ipuin txiki baina berezi samar honen zuzendaritza eta gidoia bereak ditu, azken hori Thomas Bidegain gidoigile ospetsuaren laguntzaz idatzia. Halere, honek ez du zerikusirik Un prophèteren sortzailearen aurreko istorioekin.
A.M.