"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Duela bi urte Dans la maison lanarekin Urrezko Maskorra eskuratu eta lehenik Le refuge- ekin 2009ko Epaimahaiaren Sari Nagusia bereganatu ondoren, François Ozon zinemagile frantsesa bere ia urteroko itzulera egin du Zinemaldira Una nouvelle amie film berriaren eskutik. Bi emakume, haurtzaroaz geroztiko lagunak. Biak ezkondu egingo dira, eta batek haur bat izango du. Handik denbora laburrera, amak gaixotasun larria izango du, eta lagunari agintaraziko dio semea eta senarra zainduko dizkiola. Heriotzaren ostean, lagunak senarra eta haurra ikustera joatea erabakiko du, eta hartara ohartuko da, Romain Duris aktoreak haragitzen duen pertsonaia David izatetik Virginia izatera aldatu dela, zuzendariak “transgeneroen” inguruko filmtzat jo duen lan berri honetan.
Itxura batean melodrama gaiztoki samarra izanik, nahiz eta naif ukitu nabarmenekin jokatu, Ozonek gaiaren drama leuntzea lortu du komedia finarako eta aktoreak zuzentzeko duen gaitasunari esker: “Oraingo honetan ikuslego zabalago batentzako filma egin nahi nuen, jendeak ahalegin berezirik egin gabe goza zezakeen pelikula arinago bat”.
Jatorrizko istorioa Ruth Rendellen ipuin batean oinarrituta badago ere, Frantzian bikote homosexualen eskubideen aldeko manifestazioak hasi zirenean “ekin nion gidoia taxutzeari. Ez nuen pedagogikoa izan nahi, ordea, jendeari ulertarazi nahi nion bikote klasikotik harago badirela bestelako bikote motak. Desioaren eta norberaren identitatearen eraikuntzaren gainean hitz egin nahi nuen”, dio Ozonek.
Zentzu honetan, Ozonen aburuz, ‘neska-lagun’ biak trabestien ikuskizun bat ikustera doazen unean dago “filmaren bihotza”. “Eszena horretan Claireren eta Virginiaren erabateko zoriontasuna erakutsi nahi nuen; egia da taberna gay bat dela, baina bertan emakumeak, gizonak, beltzak, zuriak, gazteak, zaharrak… denetik dago, eta kalean ez bezala, inork ez du Virginiarengan erreparatzen; horixe da biak guztiz zoriontsu diren unea”.
Romain Duris aktoreak, bestalde, gizonezko (edo dena delako generoko) antzezpen bikaina lortzen du, ñabarduraz beteriko transformazioa gauzatuz. “Nolabait ere, generorik gabeko gizaki bat haragitu nahi nuen, ez gizonezko, ez emakumezko edo erdibideko norbait”, adierazi du aktoreak. “Nire baitako atea zabaldu eta barnean gizonezko guztiok daukagun alderdi femeninoa zaleratzen saiatu naiz”.
Prentsaurrekoa amaitzeko, Ozonek zera onartu du: “Etxera sariren batekin itzultzeak ez dit gaitzik egingo, ez horixe”.
S.B.