"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ana Blandiana idazleak kontatu zuen, Proiecte de trecut (Iraganeko proiektuak) ipuin bilduma gogoangarrian, Danubiotik gora paperezko ontzi baten gisara amaitu zuen elizaren istorioarena. Nola Errumaniako iparraldean bizi zen morroi serbiarren komunitate batek erabaki zuen, elizkizunak egin ahal izateko, ondoko herri bateko eliz abandonatuaren oinarriak zerrarekin moztu, aurrean hogei idi pare jarri, eta abiatzea. 1778ko negua zen, eta Subpiatra herrixkako morroi saiatuek basoak soildu zituzten, larreak garbitu muinoak berdintzeko, eta, urtebete inguru iraun zuen bidaia nekosoaren ondorioz, iritsi ziren halako batean Danubioko ertzeraino. Han izozteak harrapatu zuen segizioa, tamala, eta ibaiaren erdian geratu ziren eliza, idi parea, eraikina gurtu beste eginbeharrik ez zeukan apaiza eta elizkoi saldoa; han trabatuta, ez atzera ez aurrera.
Absurdoaren mugan dabilen komedia edo tragedia den, ezin jakin, baina horixe ekialdetik iristen diren film askoren oinarrizko ezaugarria: etsipenaren langar finak hezurretaraino bustitzen duen errealitate, irudi eta pertsonaia sorta.
Errumaniako telebista lokal bateko aurkezleak erabaki du Ceaucescu diktadorearen erregimena amaitu zuen herri altxamenduaren bi protagonistak elkarrizketatzea, hura guztia gertatu eta hamasei urte igaro direnean. Herriko etxea bortxaz hartu zuen jende saldoko bi lagun eraman ditu telebistara, egun gogoangarri horiek berritu eta xehetasun guztiak berpiztu nahian. Baina herritarrak deika hasten direnean bi lekukoen adierazpen arrandiosoak gezurtatzeko, bataren alkohol zaletasuna eta bestearen patetikotasun komikoa dela eta, orduan sukar iraultzailearen aldarri izan nahi zuen saioa ezkutuan gorde nahi izan zen fartsaren epaile bilakatuko da, esperpento.
Europa ekialdeko historia hurbila lurgorri da gizakiaren zulo sakonenetan bizi diren mamuak irudi eta soinu bilakatzeko. Eta zinema eremu laua da horretarako.
Baina Corneliu Porumboiu zuzendariaren lanaren arrakastaren gakoa kamerarekin egiten duen jokoan bilatu beharra dago: zinema ikuslea telebista lokal bateko saio irrigarriaren lekuko bihurtzen duenean, denborak zeharo iraultzea lortzen du. Baliabide eskasia, horrela, errekurtso zinematografiko gisa erabiltzen asmatzen du—filmaren aurrekontu txikiaren parodia gisa ulertu behar da telesaioaren beraren kalitate barregarria—, eta film osoa menderatzen duen galderaren metafora argia da nahasketa hori bera: bizi izan ginen errealitate hura, non dago? ALBERTO BARANDIARAN