"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Errealismo soziala lantzen duten belaunaldi berriko britainiarrek ohi duten bezala, Daniel Wolfek, bere lehen film luze honetan, auzo txiroetako biztanle baztertuen mundura gerturatzen gaitu. Turistek sekula topatuko ez luketen giro batean murgiltzen diren biztanle ahaztuen mundura, alegia.
Nagusiki gau bakar batean garatzen den istorio ilun eta itogarri samar honetan -bai gau amaigabea!- Laila eta Aaron, Yorkshire inguruko auzogune txiro batean bizi diren bi nerabe maiteminduek, euren bizitzako amesgaiztorik gogor eta bortitzena biziko dute. Bai eta guk haiekin ere!
Bakoitzak bere errealitate gordinetik ihes egin nahian, roulotte batean bizi dira, hiriko auzogunetik kanpo. Elkarrekin daudenean amesgiroko zoriontasun bat ageri dute, barre egiten dute, jolasak, dantzak eta txantxak dira nagusi. Minutu gutxitara, ordea, irribarrea behin betirako joango zaie ezpainetatik. Nola ez, orduantxe hasiko baita gizajoen amesgaiztoa. Hain juxtu, Lailaren aita pakistaniarrak, alaba etxera itzuli dadin ordainsari-harrapari basati batzuk kontratatuko dituenean. Esan eta egin. Handik aurrera, film osoan zehar gaztetxoak ihesean lagunduko ditugu. Ezetz harrapatu... baietz harrapatu!
Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian arrakastaz aurkeztu ondoren gurera ekarria, asko kontatzen du eta ez du ikusentzulea edonola uzten. Gogorra baitu gaia eta are gogorragoak irudiak. Izan ere, Wolfek, errealismotik urrundu nahi ez izanagatik akaso, beldurrik gabe gerturatzen du kamera, gazteen itoaldia ia gurea egitea lortu arte. Zera, ezeroso sentiarazi nahi bagintuen, betebetean lortzen du. Amaiera arte atrapatuko gaitu, ordea, Lailaren patua zein izango ote, urduri. Eskuzko kameraren etengabeko mugimenduok eta antzezpen lortuek areagotu egiten dute itxaropenerako ia biderik uzten ez duen tragedia ilun honen sinesgarritasuna. Aktore profesionalak baino euren naturaltasunagatik eta hizkera itxiagatik kaletik hartutakoak direla esan liteke. A.M.