"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Cesc Gay (Bartzelona, 1967) zuzendari eta gidoilaria eraikitzen dituen pertsonaiei eskaintzen diren begirada sakonagatik da ezagun. Ironiaz eta umorez beteriko begirada gizakion ahuleziak adierazteko garaian. Bere obraren ezaugarri nagusietako bat pertsonaien bitartez gizakiok erretratatzeko duen soiltasun aberatsa da: beren buruak ezagutzen hasten diren nerabeak, presa duten hogeitaka urteko gazteak, zalantzak dituzten hogeita hamar urte ingurukoak, edo krisian diren berrogei urtekoak.
Zinemagile honek sentimenduen erradiografia neurridun, zintzo eta delikatua egiten du, bere belaunaldiaren barru-barruko kezkak erakusteko. Askoren ustez, hiriko klase ertainen kronista zorrotzenetako bat da.
Cesc Gayk Bartzelonan eta New Yorken ikasi zuen zinema, eta han egin zuen bere lehenengo film luzea, Hotel Room (1998), Daniel Gimelberg-ekin batera. Filma Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi sailean aurkeztu zuten.
Bere azken lana, Una pistola en cada mano (2012), urteko ezusteko atseginenetako bat izan da Espainiako zinema-aretoetan, eta 20 herrialdetan baino gehiagotan banatu dute. Grand Prix Jules Verne saria irabazi zuen Nanteseko jaialdian, Grand Jury Best Performance saria aktore talde osoarentzat Miamiko zinema-jaialdian, bigarren mailako emakume aktore onenaren Goya saria Candela Peñarentzat eta lau Gaudí.
Zuzendariaren aurreko filmak, V.O.S (2009), gidoi onenaren Zilarrezko Astor saria irabazi zuen Mar del Platako jaialdian, eta Torontoko jaialdian estreinaturiko Ficción (2006) lanak, berriz, film onenaren Urrezko Astor saria Mar del Platan.
En la ciudad (2003) Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten. Lau Goya saritarako izendatu zuten, eta Eduard Fernándezek bigarren mailako aktore onenaren Goya irabazi zuen.
2000. urtean Krámpack zuzendu zuen, bakarrik eginiko lehen film luzea, eta Canneseko Kritikaren Astean estreinatu ostean –Gazteriaren Saria irabazi zuen bertan–, ibilbide oparoa egin zuen nazioartean eta sari ugari irabazi zituen.