Nagisa Oshima zinemagile japoniarra izango da 61. Donostia Zinemaldiak 2012ko irailaren 20tik 28ra bitartean antolatuko duen atzera begirako zikloetako baten protagonista.
Nagisa Oshima (Okayama, 1932) Japoniako zinemagile handienetako bat da, baita herrialde horretako zinemaren pertsonaia ausart eta polemikoenetako bat ere. Nuberu bagu (“nouvelle vague”) izeneko 1960ko hamarkadako korronteko zuzendari enblematikoenetako bat izan zen, eta, hurrengo hamarkadetan, nazioartean oihartzun handien izan duen japoniar zinemagileetako bat bilakatu zen. Oshimaren zinemako lehenengo lana 1959koa da: Aito Kibo no Machi / Street of Love and Hope, gazteen arazoarekiko hurbilketa goiztiarra, eta Japoniako estudio garrantzitsuenen artean dagoen Shochiku etxearentzat egin zuen lehena. Horren ondoren, bere estilo kritikoa eta japoniar gizartearekiko begirada haserrea finkatzen joan ziren lan gehiago egin zituen Shochikurentzat: Seishun Zankoku Monogatari / Cruel Story of Youth (1960) eta Taiyô no Hakaba / The Sun´s Burial (1960). Hurrengo lana, Nihon no Yoru to Kiri / Night and Fog in Japan (1960) film politikoa zen, argi eta garbi, eta, haren ondoren, estudioa utzi eta ekoizle independente bilakatu zen Oshima.
Oshimaren filmografiako bigarren etapa hori sormen handiko garaia izan zen. Orduan errodaturiko film multzoan, sexuari, politikari, indarkeriari eta heriotzari buruzko bere obsesioak eta hausnarketak islatu zituen, haien bitartez bere garaiko gaitzak aztertzeko. Zuzendariaren erantzun formalek Europako “olatu berrietan” eta antzerki-tekniketan aurkitzen zuten inspirazioa, eta Japoniako modernotasuneko zuzendari adierazgarrienetako bat bilakatu zuten Oshima, besteak beste, honako lan hauei esker: Shiiku / The Catch (1961), Etsuraku (1964), Muri Shinju: Nihon no natsu / Japanese Summer: Double Suicide(1967), Kôshikei / Death by Hanging (1968), Shinjuku dorobo nikki / Diary of a Shinjuku Thief (1968), Shonen (1969) eta Gishiki / The Ceremony (1971).
Oshimak 1976an lortu zuen nazioarteko ospea, Ai no korîda (Zentzumenen inperioa) filmari esker. Sexualitatea tratatzeko modu esplizitua zela-eta, mundu guztia eskandalizatu eta Japonian zentsura jasan bazuen ere, filma Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten eta Oshimaren karrera osoko izenburu ezagunen bilakatu zen. Ospe horri esker, eta Frantziarekin lankidetzan, desiraren indarrari buruzko beste lan zintzo bat egin ahal izan zuen, Ai no borei (Pasioaren inperioa, 1978), eta hari esker, zuzendari onenaren saria irabazi zuen Cannesen. Ondoren, nazioartean sona handia izan zuten bi koprodukzio europar egin zituen: bai Merry Christmas, Mr. Lawrence (1983) gerra-drama, bai Max mon amour (1986) aztoratzailea, sexu-desirak gizartearen egitura ezegonkortzeko duen indarrarekiko hurbilketa berriak izan ziren. Zinemarako egin zuen azken lana, Gohatto (2000), ere beste ezohiko lan bat da, eta engainurik gabe tratatzen du homosexualitatea samuraien munduan. 1988an Donostia Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kidea izan zen.
Donostia Zinemaldiak antolaturiko atzera begirako honetan, zuzendariak pantaila handirako eginiko film luze guztiak daude bilduta. Ekimen honi esker, Oshimaren ibilbidearen bilakaeraren berri izango dugu, eta Espainian inoiz estreinatu gabeko izenburuak ezagutuko ditugu. Espainiako Zinematekarekin batera antolatutako eta The Japan Foundationen lankidetzarekin eginiko zikloa osatzeko, Quim Casasek koordinaturiko liburu bat ere argitaratuko da.
Aito Kibo no Machi / Street of Love and Hope (A Town of Love and Hope izenarekin ere ezaguna) 1959
Bere opera prima honetan, Japoniako “mirari ekonomikoak” atzean utziriko izakienganako interesa erakutsiko du Oshimak, eta horretarako Masaoren kontakizunaz baliatuko da: Masao nerabeak gaixo dagoen ama eta ezintasun psikikoa duen arreba hil beharko ditu.
Seishun Zankoku Monogatari / Cruel Story of Youth (Naked Youth izenez ere ezaguna) 1960
1960ko hamarkadako Japoniako gazte “haserreen” belaunaldiari buruzko erretratua. Istorioa eskrupulurik gabeko Kiyoshi gaztearen eta Makoto erakargarriaren harreman zurrunbilotsuaren inguruan dago eraikita. Makotok Kiyoshiri lagunduko dio, berarekin oheratu nahi duten gizon helduei xantaia egiten.
Taiyô no Hakaba / The Sun's Burial 1960
Osakako bazterreko auzoetako bizitza marjinalari buruzko kronika da hau. Prostituta bat izango da gizarte-fresko klaustrofobiko honetako protagonista eta negozio ilun baten jabea: bizirauteko beren odola saldu beharrean dauden pertsonen odol-trafikoa.
Nihon no Yoru to Kiri / Night and Fog in Japan 1960
Argi eta garbi politikoa den Oshimaren lehenengo lana da hau, eta ideologia ezkertiarreko Japoniako ikasleen Zenkyoto mugimenduaren barruan sorturiko tentsioak deskribatuko ditu. Estilo bisual harrigarriko lan honek primeran islatzen du belaunaldi oso baten desengainu ideologikoa.
Shiiku / The Catch 1961
Kenzaburo Oé idazlearen eleberri batean oinarritutako eta II. Mundu Gerran giroturiko filma. Herri txiki bateko biztanleek pilotu afroamerikar bat harrapatuko dute. Agertoki horretan, Oshimak Japoniako gizartearen erradiografia errukigabea marraztuko du.
Amakusa shiro tokisada / Shiro Amakusa, the Christian Rebel (The revolutionary izenez ere ezaguna) 1962
Oshima zinema historikoan barneratuko da XVII. mendeko shogunaldiaren aurkako nekazari-iraultza baten lider izan zen Shiro Amakusa erreboltari kristauaren historiaren bitartez. Etorkizunari eta 1960ko hamarkadako errepresio politikoari buruzko metafora eraikitzeko aitzakia gisa erabiliko du iragana zuzendariak.
Etsuraku (1964)
Atmosfera beltz, itogarri eta malenkoniatsuko film honetan, gizon bat hil duen beste gizon batek krimenaren lekuko baten xantaia jasango du. Prostituzioaren eta pornografiaren labirintoetan barrena eginiko bidaia, eta Yakuza anfitrioiaren rolean.
Hakuchû no tôrima / Violence at Noon 1966
Japoniar gizartea markatzen duten sexualtasunari eta indarkeriari buruzko azterlana. Emakumeak bortxatu eta hiltzen dituen gizon baten erretratua eraikiko du filmean Oshimak, haren emaztearen eta biktimetako baten oroitzapenen bitartez. Zuzendariaren lanik amorratu eta latzenetako bat.
Nihon shunka-kô / Sing a Song of Sex (A Treatise on Japanese Bawdy Songs izenarekin ere ezaguna) 1967
Oshimak sexuarekin eta abesti lizunekin obsesionatuta dauden institutuko lau ikasleren odisea jarraituko du. Zuzendariaren ohiko gaiei (itotako desioa eta sexuen arteko harreman zailak) buruzko fantasia tragikomiko, delirante eta groteskoa.
Muri Shinju: Nihon no natsu / Japanese Summer: Double Suicide (Night of the Killer izenaz ere ezaguna) 1967
Oshimak shinju japoniar tradizioari (bi maitaleren suizidio bikoitza) helduko dio bere lan enigmatikoenetako bat den honetan. Garaiko abangoardia artistikoek elkar egiten dute estetika fineko film fatalista eta tragiko honetan.
Ninja bugei-Chô / Tales of the Ninja (Band of Ninja izenaz ere ezaguna) 1967
Oshimak Sampei Shirato artistaren manga ezagun bat eraman zuen zinemara animaziozko zinemari eginiko ekarpen harrigarri honetan. Lan esperimental honek modu oso berezi eta ezohikoan ulertaraziko digu du genero hori.
Kaette kita yopparai / Three Resurrected Drunkards (Sinner in paradise izenaz ere ezaguna) 1968
Japoniako gizarteak berezko duen xenofobiaren aurkako salaketa ausarta: hiru ikasle kostaldeko herrixka batera joango dira oporrak igarotzera. Hara iristean, koreartzat joko dituzte, eta bertakoek, zinez gorroto dute gutxiengo etniko hori.
Shinjuku dorobo nikki / Diary of a Shinjuku Thief 1968
Liburu-lapur batek Tokioko Shinjuku auzoan biziko dituen peripeziak dira abangoardiako antzerkian inspiraturiko collage-film honen oinarria; gaia, berriz, sexualitatearen eta aktibismo politikoaren arteko ezkutuko lotura.
Kôshikei / Death by Hanging 1968
Heriotzara kondenatuta egon arren urkatzetik bizirik irtengo den korear baten zoritxarrak jarraituko ditu satira beltz honek. Egiazko gertaera batean oinarrituriko filmak erakutsiko digu zenbaterainoko etekina atera zien Oshimak Europako zinema modernoaren irakaskuntzei.
Shonen (1969)
Egiazko gertaera ilun bat izango da, berriz ere, Oshimaren inspirazioa gizartearen ustelkeriari buruzko diskurtso zuzen eta biribilena egiteko: haur baten gurasoek beren semea erabiliko dute zirkulazio-istripuen biktima izan den itxurak egiteko eta gero kalte-ordainak kobratu ahal izateko.
Tokyo senso sengo hiwa / The Man Who Left His Will On Film (He Died After the War izenez ere ezaguna) 1970
Oshimak aktore ez-profesionalekin hilabetean errodaturiko lana. Underground zinemaren espiritu garbia du eta dokumentaletik gertu dagoen estetika. Garaiko Japoniako kontrakulturaren lekuko baliotsua.
Gishiki / The Ceremony 1971
Japoniar tradizio ohoragarrienak agerian utziko ditu satira zorrotz honek, abiapuntu gisa jendearen itxuraren atzean ezkutatzen diren tentsio guztiak azaleratuko dituen ezkontza-zeremonia bat hartuta.
Natsu no imôto (1972)
Okinawa uhartean girotuta dagoen kontakizun gazi-gozo honek erakutsiko digu nola baldintzatu zuen gazte-belaunaldi oso bat iragan traumatiko batek: II. Mundu Gerrak eta Japoniaren okupazioak.
Ai no koriida (Zentzumenen inperioa, 1976)
Oshima mundu osoan ospetsu egin zuen filma, sexualitatea zineman tratatzeko moduan garai berri bat ireki zuena. Bere maitalea hil eta zikiratu zuen Sada Abe izeneko emakumearen egiazko historia da, Oshimaren eskuetan sexuaren botere subertsiboari buruzko printzipio adierazpen bilakatuta.
Ai no borei (Pasioaren inperioa, 1978)
Oshimak Japoniako zineman hain ohikoa den kaidan-eiga (mamuen kontakizuna) tradizioa bilduko du gizartearen tabuei aurre egingo dien amodio istorio sutsu eta tragiko bati buruzko film eder hau eraikitzeko.
Merry Christmas, Mr. Lawrence (1982)
Nazioarteko koprodukzio honetan izar ospetsuek egin zuten lan; besteak beste, David Bowie, Ryuichi Sakamoto eta Takeshi Kitano artistek. Lehen begi-kolpean gerran giroturiko film tradizionala badirudi ere, desioaren amildegiei buruz eginiko azterketa berri bat bilakatuko da amaieran.
Max mon amour (1986)
Oshima urrats bat harago joango da sexu-harremanak baldintzatzen dituzten mugak eta tabuak etengabe proban jartzeko bere ahaleginean. Charlotte Ramplingek ezkonduta dagoen emakume burges baten rola egingo du. Egun batean, harreman bat hasiko du ustekabeko maitale batekin: txinpantze bat.
Gohatto (2000)
Azken filmean bere filmografia osoan obsesionatu zuten gaiei buruzko sintesia proposatu zuen Oshimak. Samuraien zinemari helduko dio, baina oso ezohiko ikuspegi batetik: harreman homosexualak haien mundu itxiaren barruan.
Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak, James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl, Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges, Anthony Mann, Robert Wise, Ernst Lubitsch, Henry King, Mario Monicelli, Richard Brooks, Don Siegel, Jacques Demy edo George Franju buruzkoak azpimarra daitezke.