"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
David Byrne sormen-baliabide anitzeko artista da: argazkilari, zinema-zuzendari, egile eta bakarlari gisa ere aritzen baita. Talking Heads rock bandaren buru zena epaimahaikide ofizial moduan etorri da Zinemaldira.
Hasteko eta behin, zuzeneko kontzertuen dokumentaletan giltzarri izandako Stop Making Sense (Jonathan Demme, 1984) pelikulaz galdetu diogu ‘izotza haustearren’: “Kontatu didate 1987an Donostiako belodromoan arrakasta itzela izan zuela. Egia da zuzeneko kontzertu bat izanik ere, film konbentzional baten egitura narratiboa zuela, eta musikariak pertsonaiak bailiran aurkeztu zituela Jonathanek”.
Alabaina, Donostiara ‘hezur-haragitan’ etorri zen aurreneko aldia 2000. urtean izan zen, Caetano Velosorekin batera kontzertu gogoangarria eman zuenekoan: “Jendeak uste zuen oso ezberdinak ginela, ez zuela funtzionatuko. Haatik, kontzertu bikaina izan zen, ezin hobea”. “Horrezaz aparte, -gaineratzen du- zenbait pelikula ikusi eta janari mordoa jan nuela gogoratzen dut”.
Todd Haynes epaimahaian izango zela jakitean erabaki zuen jaialdiko arduradunei baiezkoa esatea; baina batez ere, “beste zinemaldi handiagoetan oharkabean pasatzen diren ‘perla ezkutuak’ aurkitu ditzakezulako” aitortu digu, etxean, New Yorken, zinera astean bizpahiru aldiz joan ohi den Byrnek. Eta horixe da, hain zuzen ere, epaimahaikide zereginetan erabiliko duen irizpidea: “Zinemazale gisa nator epaimahaira, ezustean harrapatuko nauen historia baten bila”.
Musika eta irudia ardatz dituzten askotariko proiektutan sartuta dabilen Byrnek adierazi digunez: “Beste musikari eta artistekin lankidetzan ri naiz aspaldi honetan (St. Vincent, Fatboy Slim); batetik, abesgarria delako, eta bestalde, gaur egun bizimodua soilik musikaz ateratzea ia ezinezkoa delako”.
Halaber, bere beste pasio handiaz, bizikletaz, gozatu ahal izan du egunotan: “Proiekzioek libre uzten nauten tarteetan bizikleta atera dut eta ibaibazterreko bide gorrietan barrena abiatu naiz. Hiria muino eta mendixkez inguratuta dagoenez, hiriko mugetan barrena ibili naiz. Paisaia zoragarriak dituzue eta erraztasun handiak bizikletaz ibiltzeko. Zorionak, beraz”. Ez horregatik, zorionak zuri etortzeagatik.
S.B.