"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Meritu bat baldin badauka film honek, gertutasuna du meritu. Pertsonaiengana ahal bezainbeste hurbiltzeko gogoa, asmoa eta intentzioa. Eta meritu horrek komikian bertan du jatorria, Arrugas honen oinarrian dagoen Paco Rodaren ilustraziozko liburuan, eta Paco Rodaren sortzezko asmoan bertan: “nire gurasoek sentituko zutena ulertzen eta esplikatzen ahalegindu nintzen komikiaren bidez”. Beharbada horrela ulertu daiteke liburuak zein filmak izan zuten arrakasta. “Ez baitugu zahartzaroaz inoiz pentsatzen, salbu eta gertutik ukitzen gaituenean”.
Argudioak ez dauka misterio handirik. Esan nahi baita ez dagoela pertsonaia edo historia gurutzaketa aldrebesik, ezta efektu berezirik ere. Soiltasun hori da, hain zuzen ere, filmaren arrakastaren arrazoia. Istorioaren hari nagusitik desbideratzeko inolako aitzakirik ez zaiola ematen ikusleari.
Emilio eta Miguelen arteko adiskidetasun eta konplizitatea da historiaren oinarria. Geriatrikotik aparteko munduan akaso inoiz lagun izatera iritsiko ez ziren bi agureren artean nola jaiotzen den harreman estu eta ezinbestekoa. Non eta bizitza paraleloa existitzen den toki batean, errealitatearen mugan dagoen mundu batzuetan triste, besteetan esperantzarik gabekoan; hainbatetan barregarri, askotan surrealista samarra.
Emilio iritsi berriari dena egiten zaio, hasieran, harrigarri, eta ezinbestekoa dauka Miguelen laguntza harridura hori gainditu eta hor barruan agintzen den mundua ulertzeko. Eta, hori guztia kontatzeko, molde klasikoan grabatutako filma duzu hau. Marrazki garbiak, kolore argiak, fondorik gabeko eszenatokiak, salbu eta geriatrikoko pasabideak marrazten direnean. Pasabide horiek baitira, izan ere, geriatrikoko erabiltzaileentzako beldurrik handiena. Han, fondoko atearen atzean bizi daitekeelako mamu barrukoena, martitzarren espazio ontzia esaterako; edo pasabidearen bukaerako eskaileratik gora iristen zarelako bigarren solairura, laguntza etengabekoa behar dutenen esparrura; bigarren solairura igoz gero, ez baitzara ja berriz ere jaitsiko.
Paco Rodak, lan honen benetako aitak, inoiz zalantza izan zuen komikia zuri beltzean egin behar izan ote zuen. Zuri beltzean, eta pertsonaia gogorragoekin. Dramatismo pixka bat gehiago ez ote zion erantsi behar izan historiari. Seguru asko, ez zuen horren ondo funtzionatuko. Arrugas honen arrakastaren oinarrietako bat da istorio triste askoren atzean irribarrerako tartea dagoela, eta historia bera oso identifikagarria egiten zaigula. Denok ikus dezakegula gure gurasoetako bat hor.
ALBERTO BARANDIARAN