"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hasieran, Luton film grekoak puzzle arraro baten hiru pieza erakusten ditu. Izan ere, hiru puzzle desberdin dirudite: familia dirudun batetik datorren institutuko ikasle bat, hogeita hamar urte inguru dituen abokatu bat eta denda txiki bat duen berrogeita hamar urteko familiaburua. Beraien bizimoduan partekatzen duten gauza bakarra nolabaiteko pasibotasuna da”, adierazi du Michalis Konstantatos zuzendariak. Hartara, “euren bizitzak nahi duten tokietara bideratzeko trebetasunik ezak” ustekabeko ondorioak sortuko ditu.
Zuzendari Berriak atalean parte hartzen duen pelikula Konstantatosen lehen filma luzea da, antzerkian eta telebistan aritu eta Two Times Now laburmetraia egin ondoren. Zinegilearen arabera, lan honetatik hainbat interpretazio atera daitezke: itxuren aurkako oharpena, aspertuta egotea arriskutsua izan daitekeela, edo zuzendariak dioen bezala, “nahi dugun bizitza bizi izaten saiatzen ez bagara, jasan ditzakegun ondorioei buruz ohartaraztea”.
“Munduko leku guztietan munstro bihurtzen diren pertsona arruntei buruzko istorioak entzun ditugu”, azaldu du Konstantatosek. “Pertsona horiek gaixotasun psikotikoa daukatela pentsatzea azalpen errazena izango litzateke”, onartu du; hala ere, “beharbada hori ez da erantzuna”. Zuzendariaren aburuz, “baldintzengatik edo trebetasun sozialik ezarengatik lehertu egiten dira eta, horregatik, indarkeriaz jokatzen dute”.
Hiru pertsonaien bortizkeria beti pertsona ahulen kontrakoa izan arren, Konstantatosek ez du ezer berezirik adierazi nahi, “nagusitasunezko sentipen baten bila” bakarrik dabiltzala azpimarratzea baizik. Luton izenburua ez da filma bukatu arte ulertzen: “azken ihesbidea” irudikatuko luke.
Hainbat ahots zinema grekoa momentu on bat bizitzen ari denarekin bat datoz. “Gizarte zentzugabe batean murgilduta bizi gara, egunero langabezia eta inflaziorekin lotutako datuak eta estatistikak irakurtzen ditugu, ohikoa izango balitz bezala, baina ez da normala”, hausnartu du. Zentzu horretan, krisiak sormenaren ugaltzea eragiten duelakoan dago zuzendaria. Dena den, aldi berean, “artisten, aktoreen eta gidoigileen bolada” berria sortu dela ustedute zinemagileak eta Yorgos Tsourgiannis produktoreak.
R.P.