"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bertrand Tavernierrek Lanzac & Blain komikigileen izen bereko obra egokitu du Sail Ofizialean lehiatzen den Quai d’Orsay film berrian. Satira politiko bat da, eta Frantziako Kanpo Gaietako ministro Alexandre Taillard de Vorms (Dominique de Villepinen alter egoa) eta haren kabinete aldrebesa ditu protagonista.
Filmeak oso erritmo azkarra darabil, unagarria zenbait unetan, baina horrek badu izateko arrazoirik: “Erritmo azkarra funtsezkoa zen ministerioan bizi den anabasa irudikatzeko, aitzitik, ez nuen ekintzen azelerazio horrek itxura artifiziala ematerik nahi. Izan ere, honen moduko arazoak konpontzea oso garrantzitsua baita errealizadore batentzat, eta horretan saiatu gara”, esan du Tavernierrek.
Frederic Bourboulon ekoizleak, arazo horietako bat adibide gisa kontatzeari ekin dio: “Quai d’Orsayko egoitzetan filmatzeko baimena lortu genuen negoziaketa luzeen ondoren. Kontua da garai hartan berritze lanetan ari zirela eta inguru guztia olana eta aldamioz josita zegoela, eta jakina, langileek arratsaldeko bostetan lanaldia uztean eta asteburuetan baino ezin genuen filmatu“.
“Ezjakintasuna jarraitzaile mordoa duen diktadura itzela da, politika munduan bereziki”, nabarmendu du Tavernierrek, nahiz eta bere filmeko protagonistak defendatu dituen: “Ez dut uste nire filmeko protagonistak ezjakinak direnik. Taillard de Vorms ministroa autista samarra da ezjakina baino gehiago. Eguneroko lanean ez da gauza bere ekintzen ondorioez jabetzeko, baina horrek ez du esan nahi ezjakina denik. Nik uste pelikulan agertzen diren pertsonaia gehienak gauza asko egiten dakizkitela eta oso baliozkoak direla, baina gero ez dakite jakituria politiko hori behar den unean eta lekuan txertatzen. Politikariek ez badute beraien lana tajuz komunikatzen, kazetariak kontzeptu abstraktuetan korapilatzen dira. Politika gaien komunikazioa eraginkorra izan dadin, gauzak sinplifikatzea beste erremediorik ez dago», ziurtatu du.
Ororen gainetik, zera azpimarratu du, Quai d´Orsay komedia bat da eta “espero dut jendeak barre egitea eta istorioak barne duen ironiaz eta umoreaz jabetzea”.
Bertrand Tavernier frantsez zinemaren maisu handienetako bat da eta aspaldiko harremana dauka Zinemaldiarekin, non 1999. urtean atzera begirako sail oso bat eskaini baitzitzaion, hain zuzen ere, Epaimahai ofizialeko presidente izan zen urte berean. Bere pelikula Capitaine Conan-i epaimahaiak Aipamen Berezia eman zion 1996an, Ça commence aujourd´hui lanak Publikoaren saria jaso zuen 1999an eta Holy Lola-k sari bera eskuratu zuen 2005.ean.
S.B.