"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ez da erraza beste kultura baten gakoak ulertzea. Ez da erraza zure alde bat dela badakizu eta bere bila abiatzen bazara. Eta are zailagoa da zure aita bertakoa bada eta, berrogei urteren ondoren, zure berririk izan ez badu. Elkar ulertze horren bilaketa eta beste mila bilaketa gehiagoren metafora aurkeztu berri du Yossi Aviram zuzendariak Zinemaldiko Zuzendari Berrien Sailean.
Hanoch, bizikletak konpontzen dituen gizonak Tel Aviv bere hiria utzi du Frantzia aldera abiatzeko, bertan bilatu nahi baitu bere bizitza ulertzeko lagunduko dion norbait. Bestalde, erretiratzeko bidean dagoen polizia- fizial baten afera kontatzen digu filmak, protagonisten bi istorioak gurutzatzen diren arte. Pelikulan, nahasita agertzen dira bikote heterosexualak eta homosexualak, ezkongabeko amak… XX. mende bukaeran normalizatu diren familia eredu berriak, alegia. Amatasunaz eta aitatasunaz zer pentsatu ematen dio ikusleari.
Osagai guzti hauekin sukaldatu du zuzendariak bere lehenengo fikziozko film luzea. Yossi Aviramek (Jerusalem, 1971) bere jaioterrian ikasi zuen Zinegintza eta argazki zuzendari eta errealizadore gisa ikus-entzunezko munduan lan egiten du. Pariseko La Fèmis zinema eskolan egon zen 1999an eta bertan egituratu zuen Anna, bere bigarren film laburra. Azken urte hauetan, dokumentalak zuzendu ditu (Paris Return, 2009, Arte katean) eta berriki Les Films du Poisson Ekoiztetxeareakin borobildu du La Dune filma.
Estreinaldia Donostian
Yosi Aviramek hebreeraz idatzi zuen gidoia, bere hizkuntzan, eta gero frantsesera itzuli zen. Produktoreek atzo azaldu zuten bezala, filmatzen eta geroko prozesu guztia osatu arte urte osoa eman behar izan dute, eta orain dela bi aste bukatu zuten. “Pazientzia” izan zen La Dune filmaren ekipoak erabili zuen hitza: pazientzia filmatzen, pazientzia pelikula ikusteko eta ulertzeko, eta berriro pazientzia banaketa eta sustapena aurrera eraman ahal izateko. “Hemendik Haifa Jaialdira joango gara, gero Frantzian eta Israelen estreinatuko da, eta espero dugu Donostiko Zinemaldian egon ondoren beste herrialdeetako ateak irekiko dizkigutela”.
P.Y.