"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Giro kezkagarria islatzen duen eta sinbolismoz beteta dagoen filma aurkeztu du Denis Villeneuve zuzendariak. José Saramagoren ‘Gizon bikoiztua’ eleberriaren moldaketa “arras libre” batetik abiatuz, Villeneuvek gizakion dualtasuna hartu du ardatz, ikusleei nolabaiteko “artegatasuna” sorrarazteko eta pertsona orok geure baitan ezkutuan daramagun “munstroa” azalarazteko.
Pelikulak zineko hainbat maisuri egiten die aieru, David Lynch-i esaterako, Isabella Rossellini aktorearen presentziarekin batetik, eta bestetik, filmeko giroa tindatzen duen argazki horixka bereizgarriarekin. “Gaur egun oso zaila da film birjin, guztiz berri eta nobedosoa egitea”, segurtatu du Villeneuvek.
Oinarrian saikerazkoa den lan honetan, nabarmena da oso Lynchen eragina: “Haren ildotik abiatu naiz eta arlo horretan jardun duten eta inspirazio iturri gertatu zaizkidan maisu handiei begi-keinu bat egin nahi izan diet”, adierazi du.
Pertsonaia bikien istorio honetan garrantzitsuagoa da esaten ez dena, ikusleari bere kabuz imajinatzeko eskaintzen zaion tartea, alegia. “Ea ondo ulertu dudan” pentsatzen uzten zaituen lan horietako bat da.
Zuzendariak nortasunaren eta ‘beste niaren’ gaiak jorratzen ditu, psikoanalisi saio batean bageunde bezala: ametsen interpretazioan armiarmei ematen dien esanahiarekin, adibidez. Aitortu duenez: “erraietatatik sortu zaidan behar bati erantzuteko egin dut”. Zehaztu du, halere, bere asmoa zinema “askatasunetik” egitea izan dela, zinema merkatuaren presioetatik aldentzeko ahaleginean.
“Oso film pertsonala da. Nahiago ditut galderak planteatzen dituzten filmak, erantzunak ematen dituztenak baino. Kontziente naiz filma publiko mugatu batentzat dela”, argitu du. Lan komertzialen eta egile filmeen dualtasun horren adierazgarri, Villeneuvek bi film ekarri ditu Zinemaldira. Enemy pelikulaz gainera, Prisoners bere azken lanaren emanaldi berezia ikusi ahal izango baita, Hugh Jackman Donostia saridunaren aurkezpen gisa.
S.B.