"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jirori haizea gustatzen zaio. Hegazkinak maite dituela esan ohi du, pilotua izan nahi duela handitan, eta amets egiten du etxeko teilatura igotzen dela eta han aparkatuta daukan aparatu txikia martxan jarri eta soro berdeen gainean pilotatzen duela, gero ibai ertzetatik, etxeko balkoietatik neskatilek irribarre batez agur egiten diotela, baina Jirori haizea gustatzen zaio. “Haizea ez da ikusten, baina hostoak mugitu egiten dira tartean sartzen denean”.
Paul Valery poetaren Le cimetière marin (Itsas hilerria) izeneko poematik hartutako “Le vent se lève…! Il faut tenter de vivre!” pasartea dago filma hauspotzen duen ideiaren atzean. “Haizea ibili dabil…! Bizi gaitezen!” horrek Jirok, mutikoa zenetik, barne- arnean zeukan obsesioa laburbiltzen du: haizearen kulunkarekin jostari, hostoen artean bezala ia ikusezin baina, zerua lagun, aske sentitzeko gogo bizi horrekin amestea. Ez dago besterik Jiro gaztearen buruan.
Hayao Miyazaki zuzendari japoniarraren animaziozko lan bitxi honetan literaturarekiko erreferentzia bat baino gehiago topatuko ditu ikusleak. Valery ez ezik, Thomas Mannen Mendi magikoa maisulanaren oihartzuna begi bistakoa da, baina hori baino garrantzitsuagoa da testuinguru historikoari egileak eman nahi izan dion garrantzia. Bigarren Mundu Gerraren aurreko garaia da. Japonia krisi sakonean murgilduta dago, eta politikariek espantsionismo beldurgarriari ekin diote behialako loria berreskuratu nahian. Armadak ingeniaririk onenak behar ditu arma bikainenak lortzeko, eta Jirori gerra hegazkinaren diseinua enkargatu diote. Gaztea berdelaren hezurren kurbarekin txoratzen da, hor ikusten baitu hegazkinaren profilaren perfekzioa; alemaniarren hegazkin prototipoekin liluratzen da, japoniarrek ez duten teknika eta ingeniaritza goi mailakoaren erakusgarri.
Jirok diseinatuko du Pearl Harbourren protagonista izango den Zero gerra hegazkina, baina Miyazakiren filma bera gerraren kontrako aldarritzat ere har daiteke: Jirorentzat, hegazkinak eta hegan egitea ametsetan existitzen den errealitatea da. Askatasuna da, edertasuna. Hor merezi du.
A.B.