"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Film honetako protagonistak, nerabetasunaren bihotzean sartuta dagoen Dianek, ez du mutilekin asmatzen. Bere mutilarekin, bederen, ez du asmatzen. Saiatzen dira, ahaleginak egiten dituzte, nahi dute, baina ezin. Beldurrak daude, segurtasunik ezak, konplexuak, ezjakintasunak.
Diane kezkatuta dago sexua eta maitasunarekin, baina sexua eta maitasuna ametsezko zerbait dira, gauza irreal eta urrunak, ez egiazkoak. Ikasten ari dela eta logelako telebistan ilunpean ikusten dituen film porno pixelatuen irudien antzera, benetan existitzen ez den zerbait da plazera Dianerentzat. Zerbait lausoa, zerbait alegiazkoa. Baineraren bakardadean masturbatzen den eta, gau berean, aitaren altzoa izaren azpian bilatzen duen neskatila da Diane bere etxean, ume bat ia.
Ez da kontraesanik, ez dio axola. Diane pozik bizi da etxean aita eta anaia txikiarekin, erdi ume, erdi ama.
Auzora bere adineko neska interesgarria iritsi denean, baina, dena aldatu da. Dianek gezurra deskubrituko du, musuak probatuko, sexuarekin aurrez aurre topo egingo. Helduen mundua zabalduko zaio begi aurrean. Neskalagunaren ausardiarekin harrituta, bera ere urrats bat aurrera ematen ahaleginduko da, bera ere ausartu egingo da. Berak ere heldua izan nahiko du bizilaguna bezala. “Aita, zuk uste duzu polita naizela?” galdetu dio bat-batean. Eta gero: “Esan nahi dut, zuk larrua joko zenuke nirekin?”.
Aita-alabaren arteko harremanak ez du froga gogorra gaindituko. Helduaroa gogorregia suertatuko baitzaio Dianeri. Gogorregia, eta arrotzegia.
ALBERTO BARANDIARAN