"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nahiz eta aldez aurretik elkar gutxi ezagutu, giro ederra sumatzen da aurtengo Irizar Sariaren epaimahaikideen artean. San Telmoko kafetegian nahi zuten zita, bertan zituzten gaurko eginbeharrak. Kafetxo bat eskatu eta harira. Gauza asko kontatu bai, baina beti ere ikusi dituzten filmei buruzko informazioa gorde nahian. “Euskal zinea azken urteetan osasuntsu dago. Ez bakarrik Irizar Sariaren hautagaiak, hor daude beste hainbat filme Zinemira sailean. Garai hauetan, horrelako produkzioa izatea izugarria da. Noski, denetik dago, baina orokorrean baikorra iruditzen zait”, dio epaimahai buru den Asier Altuna errealizadoreak. “Oraindik ez ditugu pelikula guztiak ikusi, baina oso lan desberdinak baloratu behar ditugu. Sail guztietan gertatuko da hori, baina niri bitxia suertatu zait”, gehitzen du Anari Alberdi abeslariak. Eta Itziar Nogeras, Donostia 2016ko zuzendari nagusia dugu hirugarren ardatza: “Aukera oso majoa iruditu zitzaidan hasieratik, Zinemaldia urteetan zehar kanpotik bizi izan dut eta zinezale amorratua naiz”.
Hirurak zinezale amorratuak eta bat zinegilea. Asier Altunak 1997an idatzi eta zuzendu zuen lehenengo film laburra, Txotx, Telmo Esnalekin batera. Ordutik, hainbat film laburrez gain, Aupa Etxebeste! eta Bertsolari film luzeak idatzi eta zuzendu ditu. Aurten ere, Zela Trovke (Belarra mozten) laburmetraia du Zinemaldian: “Lagun baten bitartez iritsi zitzaidan kontzertu honen grabazioa. Bertan izugarri hunkitu ninduen zerbait oso berezia gertatzen da, eta abestiaren letra ikertzean, hor kontatzeko istorio bat zegoela sentitu nuen”.
Anari Alberdi Euskal Herriko musikaren eszenan ahots pertsonal eta berezietako bat dugu. Oso gaztetatik hainbat talde eta proiektutan jarduna, bakarlari moduan bere lehen pausoa Anari diskoarekin eman zuen. Ondoren etorri ziren Habiak, Zebra eta oraingoz bere azken lana den Irla izan diskoa. “Harrigarria badirudi ere, ni zinera joaten naiz kontzertuetara baino gehiago. Eta filmetan guztian fijatzen naiz, baita musikan ere, baina ez beste elementuen gainetik. Ni gainera, profesionala baino, ikusle xume gisa noa zinera. Hemen Asier dugu profesionala!”.
Noski, Asierrena da hitza: “Tokatzen zait! Ni tentsio puntu batekin noa egunotan zinera. Adibidez lauretako saioekin nahiko kezkatuta egon naiz, bazkalosteko modorrak beldurra ematen zidan, ez nuen tentsio puntu hori galdu nahi, azken finean baloratu eta argumentatu egin behar dugu gure artean.”
Hartara, pelikulak elkarrekin ikusteko ahalegina egin du hirukoteak, “erabakia amaieran izango da, baina bitartean bakoitzari zerek eman dion atentzioa komentatu dugu. Oso aberasgarria izan da”, dio Itizarrek, Euskal filologian aditu eta eskarmentudun kultur kudeatzaileak. Elhuyar Fundazioan eman du bere bizitza profesionalaren zati handi bat eta egun Donostia 2016 ekimenaren zuzendari da: “Lanpostuan hasi berria naiz eta ezin ezer aurreratu, baina noski 2016rako asmo asko ditugu Zinemaldiarekin batera. Donostiako ekitaldi guztiak aprobetxatuko ditugu”.
Euskal zinemagintzaren mundua txikia dela eta, hirukoteak beraiek baloratu behar dituzten lanen egile asko lagunak dituzte. “Sobreen zain gaude”, dio Asierek eta beste biak berehala erantzun: “Aizu ba konpartitu, eh? Tira! Presiorik ez. Gainera hiru garenez, besteei errua botata, listo!” diote barrez hirurek.
Hala ere azken balorazioa larunbatean omen dute. Itziarrek eta Anarik Asierren Zela Trovke ikusi eta epaitu egingo dute. Akaso epaimahaiko lehendakariarekin zorrotzago arituko dira bi hauek!.
NORA ASKAGORTA