"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Oihu bat da Izibene Oñederraren Hotzanak, eta oihu bat dago Asier Altunaren Zela trovke laburmetraiaren atzean. Barru-barruko oihuak Zabaltegiko aurtengo bi euskal filmen atzean. Tripetatik ateratzen eta amorrua, maitasuna, beldurra edo ezinegona adierazteko baliagarriak.
Asier Altunak Maite Larburu biolin jotzailearen esperientzia kontatu du dokumental txiki baten bidez. Larburuk Holandako Baroque Sobiety izeneko taldean jotzen du musika klasikoa, eta Eslobakiako herri musikaren Zela trovke izeneko musikarekin pasadizo zelebrea izan zuen kontzertu batean.
Zela trovke-k “belarra mozten” esan nahi du eslobakieraz, eta musika sakona, adierazkorra eta oso sentibera dela nabarmentzen dute musikari guztiek. “Barrutik ateratzen den oihua” omen da, “zerikusirik ez ikasitako ezerekin”. XVIII. mendekoa nonbait, nahiz eta irudi duen zaharragoa ere izan daitekeela.
Partiturak tentsioa pilatzen du gero eta gehiago, “sadiko samarra” bilakatu arte. “Tentsioa gero eta nabarmenago egiten da” azaldu du musikari batek, “eta amaieran, gainera, ez dago tentsio jaitsierarik, ez dago bakerik, goian amaitzen da dena”. Kantak emakume baten pasarte bat kontatzen du: belarra mozten ari zela, halako batean aizkora nola hartu zuen eta nola senarra hil zuen. Dena odoletan geratu zen. Azalpen gehiagorik ez.
“Oihu bat da kanta” dio musikari batek. “Eta oihua baino gauza antzinakoagorik, nekez”.
Kontzertu baten amaieran, Larburuk mundu guztia aho bete hortz utzi zuen bere erreakzioarekin. “Bizkarretik gora igo zitzaidan hotzikara, buruaren puntaraino”. Oihu bat, barrenetik.
Oñederraren Hotzanak marrazki bizidunen bidez egindako lan txikia da, testu baten inguruan osatutako eszena surrealista samarra: “Esan nion zinemagilea nintzela… eta ezer ez da aldatu. Bazterretan barrena doa arima erratua, inoiz seguru, inoiz bere buruaz etsita. Gorputza, ordea, gorputza da; da eta izango da, eta ez daukazu non babestu”.
A.B.